Esker ona adierazi nahi diete usurbildarrei, Greziako errefuxiatuak laguntzeko azaroaren 15ean Mikel Laboa plazan antolatu zuten elkartasun ekimenean erakutsi zuten eskuzabaltasunagatik. Gogoan izan, neguko arropa behar dute. Arropa biltzen eta bidalketa gastuei aurre egiteko dirua ere jaso zuten.
Ekimena antolatu zuen usurbildar taldeak, usurbildarren eskuzabaltasuna eskertu nahi du lerroon bidez. “Milesker Grezian dauden errefuxientzat arropa utzi edota diru ekarpena egiteagatik. 378,50 euro bildu genituen (Zaporeak-eko kontu korrontean sartutako diru kopurua kontuan izan gabe). Bertan ginen taldetxoarentzat hunkigarria izan zen zuen ekarpen eta eskuzabaltasuna. Horrelako injustizien aurrean bat egin behar delako ezbairik gabe. Inor ez da ilegala!”, adierazi dute.
Zaporeak-en kanpainaren baitan
Elkartasunak ez du mugarik. Ondoko argazkia duzue horren erakusle. Zaporeak proiektutik Greziako errefuxiatuak laguntzeko Euskal Herri mailan abiaturiko neguko arropa bilketa kanpaina solidarioa Usurbila heldu zen azaroaren 15ean, herritar talde baten eskutik. Ate joka ditugun hilabete hotzetarako arropa biltzen aritu ziren Mikel Laboa plazan. Eta ikusi, furgoneta ordubeteko tartean ia betea zuten usurbildarrek utzitako arropez, usurbildarren elkartasunez.
Bidalketa gastuei aurre egiteko laguntzarako deia
Bigarren deialdi bat ere egin dute Zaporeak egitasmotik, arropa helmugara ailegatu dadin bidalketa gastuei aurre egiteko laguntzeko deia. “Zuen laguntza daraman palet bakoitza bidaltzeak 150 euro suposatuko digu. Ez du ezertarako balio arropa biltzeak, ezin badugu garaiz bidali”.
Diru ekarpenak egitera animatzen dute, arropa biltzeko guneetan jarriko duten eltxetxoetan dirua utzita edo Laboral Kutxako ondoko kontu zenbakian diru ordainketak eginez: ES18 3035 0103 84 1030037127.
Zaporeak
Zaporeak proiektu solidariotik 2011az geroztik Etiopian eta 2016ko martxotik Greziako errefuxiatuak laguntzen ari da. Jaten ematen dabiltza azken urteotan, eta horrekin batera, orain, ate joka dugun negura begira arropa biltzeko Euskal Herri mailako kanpaina antolatu dute. Hego Euskal Herriko hiriburuetan bideratuko dute nagusiki kanpaina, baina "lau erdigune horietaz gain, beste herri eta eskualde batzuetako elkarteekin ere harremanetan jarri gara, ekimena zabaldu eta arropa bilketaren sarea eta informazioa ahalik eta leku gehienetara iritsi dadin".
Greziako Lesbos eta Chios uharteetako errefuxiatuentzako ate joka dugun negura begirako arropa bildu da Usurbilen, beste hainbat herrietan edota asteburuan Hego Euskal Herriko hiriburuetan.
Elikaduraren arloan lanean
Aipatu moduan 2016ko martxoaz geroztik Greziako errefuxiatuak laguntzen dihardu Zaporeak elkartasun proiektutik. "Zaporeakek hiru urte daramatza errefuxiatuen alde lan egiten elikaduraren arloan, Grezian bertan otorduak kozinatu eta errefuxiatuen artean horiek banatzen, edota elikagaiak bidaltzen Grezian bertan errefuxiatuekin lan egiten duten hainbat proiektuetara".
Gaineratu dutenez, "Grezian errefuxiatuei jaten ematen gabiltza. Bi urte hauetan zehar 700.000 otordu baino gehiago banatu ditugu eta otorduak prestatzeko 400 boluntario baino gehiagoren laguntza izan dugu. Urtebetez Chios uhartean izan ginen lanean eta 2017ko urriaz geroztik Atenaseko Victoria Social Centerren gaude. Lanean jarraituko dugu errefuxiatuek gure laguntza behar duten bitartean".
Joan den urria hasieran Greziako Lesbos uhartera bidaiatu zutenean arropa biltzeko kanpaina honen beharraz jabetu ziren. "Bertatik bertara ikusi genuen arropa biltegietan arropa behar handia zutela neguari begira. Hori ikusita, arropa bilketa bat antolatzen hasi gara, behar hori ahal dugun heinean asetzeko. Bilketa azaroan egingo dugu, negurako Grezian egon dadin eta errefuxiatuek neguari aurre egiteko arropa egokia izan dezaten. Arropa hori Greziako Lesbos eta Chios uharteetara bidaliko da, arroparen banaketa Attika eta Feox elkarteek kudeatuko dute".
Informazio gehiago: zaporeak.eus