Zirimara eskola-kirola egitasmoko hezitzaileek lehen familia ezkutaketa topaketa antolatu dute, igande honetan (azaroak 25) ospatuko den Erle Egunerako. “Topaketa honetan familiako edonork parte har dezake, familia plana da”, ohartarazi dute.
Ezkutaketan taldeka jardungo dute. Honenbestez, taldeko kideek batera ibili beharko dute, elkarrekin ezkutatu. “Talde bateko gutxieneko partaide kopurua, heldu bat eta haur bat izango dira. Hortik aurrera, edozein konbinazio onartuko da: 2 heldu eta haur bat, heldu bat eta 3 haur, 2 heldu eta 2 haur, 5 heldu eta 8 haur…”.
Ezkutatzeko eremua Kaxkora mugatuko da. Kale Nagusia, Irutasuna kalea, San inazio eta Zubiaurrenea kaleek osatzen duten lauki formako ingurunetik ezingo da atera. “Kalean (aire librean) ezkutatu beharko da”, ez inongo leku estalietan. Ezkutaketan aritzeko dinamika honakoa izango da. “Hiru hezitzaileko taldeak 3 minutu itxarongo du frontoian eta denbora tarte hori pasatzean partaide-taldeak bilatzen hasiko da. Talde bat aurkitzen dutenean, talde hori frontoira gerturatuko da eta bertan dauden gainerako hezitzaileek aurpegian bi pintura-markatxo egingo dizkiete, “bilatzaile” bihurtuz”. Jolasa talde guztiak aurkitzean bukatuko da, edo bestela, jolasa hasi eta ordu erdira. “Anima zaitezte eta etorri guztiok ezkutaketan jolastera!”.
1. Familia ezkutaketa topaketa
Azaroak 25, igandea
11:30 Frontoian elkartu. Ezkutaketa jolasaren azalpena.
12:00 Lehen ezkutaketa saioa (partaideek 12:30etan frontoira agertu beharko dute).
12:30 Bigarren ezkutaketa saioa (partaideek 13:00ean frontoira agertu beharko dute).
13:10 aldera, parte hartzaile guztien familia argazkia.
Antolatzailea: Zirimara eskola-kiroleko proiektuko hezitzaileak.