Udal-gobernu taldea: "Sendo adierazi nahi dugu, Usurbil feminista baten aldeko aldarrikapena"

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 26a, 11:19

 

"Indarkeria matxistaren aurkako nazioarteko egun honetan, sendo adierazi nahi dugu Usurbil feminista baten aldeko aldarrikapena, eta dagozkigun konpromisoak geure egiten ditugu bide horretan. Eta argi dugu, era berean, zeregin hori mugimendu feministarekin elkarlanean egin behar dugula", dio azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunaren harira, udal-gobernu taldeak plazaratu duen adierazpenak. Astebururako iragarriak zeuden deialdiekin bat egin dute.

 

Adierazpenak gogoan hartu ditu, azken urtean Euskal Herrian hil dituzten 9 emakumeak, "aspaldiko estatistikarik dramatikoena utzi du indarkeria matxistak". Arazoa ordea sakonagoa dela ohartarazten dute. Indarkeria matxistak hildako emakumeen kopuruetatik haratago, besteak beste arlo judizialean, justizia patriarkalarekin amaitzeko beharra nabarmentzen du, emakumeek "jasaten duten biktimizazioa eta kulpabilizazioa" agerian utzi ostean.

 

Arazoaren sustraietara jotzea ezinbestekoa dela gaineratzen du. "Erakundeok horren ardura dugu, izan ere, indarkeria matxista sistema sozial, ekonomiko eta sinboliko honetan du jatorria. Eta sistema hori injustua da; aukera berdintasunik ez du bermatzen, emakumeak menpeko estatus batean kokatzen ditu eta indarkeria matxista erabiltzen du tresna sistemiko gisa".

 

Emakumeek egunerokoan pairatu behar duten denetariko indarkeria adierazpenekiko tolerantzia eta inbisibilizazio handia dagoela salatzen du adierazpenak. Horregatik, "arlo guztietan eta indarkeriaren adierazpen guztien gaineko zeharkako lanketa estrategikoa eta iraunkorra bultzatzea funtsezkoa da". Hasteko indakeria mota guztiok azaleratu, normaltasunez hartu ez eta "gero erroan, jatorrian esku-hartu behar dugu, egungo orden soziala eraldatzeko urratsak eginez". Arlo guztietan, denon erantzukizuna izanik, gizarte osoko eragileek elkarlanean, "hala egiten ez badugu, indarkeria matxistari eusten jarraituko dugulako".