Felix Sarasolari azken agurra

Noaua Aldizkaria 2001ko aza. 30a, 01:00

g

https://youtu.be/ZG2YQG7sL4M

https://youtu.be/1n1oDFHw7xg

https://youtu.be/lV6Q5FN9ilk

https://youtu.be/1uAFSXZZfAk

Felix Sarasola, gure “Felito”

Felix Sarasola, gure Felito joan zaigu! Eta negarrez gaude pailazoak ere... Sudurgorrion laguna, azeituna, babarruna...bihotz handia, eskuzabala, goxoa, sentibera eta irrizalea beti zena joan zaigu.

Maitatua Usurbilen eta maitatua Lasarte Orian, gure herrian! Oso gazte ginela ezagutu genuen, sudurra gorritu gabe genuela oraindik.. Gu saltsa guztietan murgilduta genbiltzala, jakin genuen Olentzero itxurako sukaldari bat iritsi zela herrira. Txartel txokon haseran, Txitxardin Beltza zabaldu zuen gero.... Euskara, kultura, presoak,... gaia edozein izanda ere errifak ateratzeko saria seguru genuen Felixenean; "trankilito...lau afari jarri, eta zatozte berriz behar duzuenean..."

Berehala deskubritu genuen bere arrakastaren sekretua; Felitoren jatetxean sartuz gero, sabelaz gain, bihotza beteta ateratzen zen edozein! Gure adiskidetasuna betirako izango zela konturatu ginen ezagutu orduko. "Trankilito...", unean unekoa gozatzen zekien Felixek beti, eta berea zuen errezeta hori ikasi genion pailazook. "Aspalditik gatoz, eta urrutira goaz...!" Gelditu gabe, topera, baina astiro bizitzearen errezeta da hori, egun eta une bakoitzari bere zorion zukua ateratzen diona; goizero ohetik altxa eta ahoan irribarre bat margotuta, jarrera eraikitzailea, baikorra eta errespetuzalea maite duenarena.

Zalaparta handirik atera gabe, mundu berri bat  koloreztatzen zuen Felixek. Eta orain... malkotan gaude zure lagunak Euskal Herrian eta malkotan izango dira Kuban. Han ere, iritsi orduko, euskaldun zein kubatarren artean erein bait zenuen zure maitasuna. Enbaxadore handi bat galdu du Euskal Herriak. Habanan Aberri Egunak ez dira aurrerantzean berdinak izango zu gabe Felix, baina gure bihotzean, buruan eta eskuetan izango zaitugu beti. Sentitu, pentsatu, ekin... beti elkarrekin! 

Aupa Felix, gure Felito... trankilito!

Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo taldea.