21. Korrika apirilaren 4tik 14ra Garesetik Gasteizera, "Klika" lelopean

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 7a, 09:14

21. Korrika aurkeztu dute asteazken goiz honetan, Donostiako San Telmo Museoan. Dagoeneko lehen xehetasunak aurreratu dituzte. Apirilaren 4an abiatuko da Garesen eta apirilaren 14an amaituko da Gasteizen. 11 egunez Euskal Herria alderik alde zeharkatuko du "Klika" aldarripean; tartean noski, Zubieta, Usurbil eta Aginaga.

"Klika"

"Klika egitea aukera bat hartzea da, euskararen aukera hartzea, hautua egitea

Hautua da euskara ikastea, erabiltzea, inplikatzea, jauzia ematea. Klika egitea da euskaraz ahalduntzea, euskaltegietan matrikulatzea.

Klika da herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatzeko neurrika hartzea. Konpromisoak hartzeko garaia da.

Klika garai berri bati, kulturari, gure hizkuntzari. Egin klik begiak ondo irekita. Hartu arnasa sakon, euskal inguruneari begiratu, eta klik egin bizitzeko, aske izateko, euskara aukeratzeko. Egin klik, ikimilikiliklik! AEK-k euskara du gizarte berri baten ardatz, eta mundu horretarako zu aukeratu zaitu, zugan klikaturik. Klika, etorkizunera salto egiteko. Klika Korrika.

Klik eginez iziotzen ditugu hizkuntzaren argiak, doinuak, ahogozoak; klika da euskal musika-txaranga, eta klikatuz asetzen dugu euskara-klika, euskara-egarria, euskara-gosea.

Euskarak hurrengo fasea klikatu du: akzioarena, konpromisoarena; euskara unibertsal bihurtuko dugu, eta klik eginen du denon zeruan. Euskal Herriak hartu du euskararekiko kontzientzia, sortu du euskal komunitatea. Euskararen aroan gaude; orain da unea: etorri euskarara, aktibatu, erabakiak hartu, klik egin, euskaraz egin".

Txillardegi omenduko dute

Euskara tatuaren 50. urtemugaren harira, Txillardegi omenduko du 21. Korrikak, "egundoko lana egin zuelako, eta euskaldunon historian egin den gauzarik inportanteena ziur aski Txillardegiri zor diogulako. Ezin da esan hori baino gehiago. Euskararen historian, bada gauza bat oinarrizkoa, beste guztiak baino garrantzizkoagoa, eta hori estandarra sortu izana da: EUSKARA BATUA".

Txillardegik euskaldunoi eginiko ekarpena goraipatuko du 21. Korrikak. "Txillardegik, urte askoan, irmotasunez agertu zuen goi-mailako erabileretarako euskal hizkuntza bateratua sortzeko beharra. 1957tik, euskaltzain urgazlea zen, baina sekula ez zen iritsi euskaltzain osoa izatera, euskalari gisa aski eta sobera merezimendu zituen arren.

1964ko urrian, Euskal Idazkaritzak batzar ireki baterako deialdia egin zien Euskal Herriko idazle eta irakasleei, haien iritziak entzuteko. Urtebete geroago, hartutako erabakiak biltzen zituen txostena plazaratu zen. Hura izan zen Arantzazuko Batzarrak 1968an eraturiko txostenaren —euskara batuaren sorrera-agiritzat hartzen den txostenaren— aurrekari nagusia. Bada, lehenengo txosten haren aitzindaria eta egilea Txillardegi izan zen".

Datozen deialdiak

Korrikaren abiapuntu eta helmuga, leloa, mezua eta omendua nor izango den aurreratu dute 21. Korrikaren antolatzaileek, asteazken goiz honetako agerraldian. Hurrengo aste eta hilabeteetan xehetasun gehiagoren berri ematen joango dira. Azaroa erdialdetik aurrera, edizio berri honetarako laguntza biltzeko arropa salgai jarriko dute. Azaroaren 29an bestalde, abestia eta bideoklipa aurkeztuko dituzte.

Informazio gehiago: korrika.eus

https://www.facebook.com/aek.euskalakari/videos/251280362215223/