[Kulturaldia] Usurbilgo kultur altxorretan barrena bidaia interesgarria

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 12a, 09:26

Egunerokoan zeharkatzen ditugu herriko hainbat txoko, txokooz gozatzeko astirik hartu gabe. Baina ez dugu ahaztu behar, kultur altxorrez josia dugu Usurbil, eta horiek bistaratzen dabil Usurbilgo Udalak tarteka antolatu ohi dituen Harria Hitz bisita gidatuak. NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan igandean ospatu zen ekimen honen edizio berri bat. 

Parte hartu zutenek, gogotik gozatu zuten hitzorduaz. 60ko hamarkadan Euskal Herrian gertatu zen kultura-eztandara bidaiatu ahal izan zuten. Udarregiren omenez frontoi atzean dagoen Remigio Mendibururen eskultura, Zumetaren murala eta aurrez aurre duen Mikel Laboaren omenezko plaza eta eskultura, 2009an poliziak ezabaturiko Alejandro Tapia aginagarraren horma irudia, Askatasuna plaza, Gotzon Huegunen sagardoaren omenezko eskultura... Sortze lan guztiok ikusi eta haien atzean dagoen historia plazaratu zuten atzokoan. 

Usurbilgo erdigunetik, azken urteotan zabaldu diren sorkuntzaren beste bi gune bisitatzera joan ziren gero. Zumeta Arte Estudioa, Usoa Zumetaren eskutik. Estudioa barrutik ezagutu, bertan burutzen duten lan prozesuaren azalpenak jaso eta Monika Zumetak eta Enara Goikoetxeak grabaturiko "Izenik gabe 200 x 133" Jose Luis Zumetaren sortze lan prozesua erakusten duen dokumentala ikusi ahal izan zuten.  

Handik Txokoaldeko tren geltoki zaharrean kokaturiko Txalaparta Txokora jo zuten gero. Oreka Tx taldeko kide Harkaitz Martinez de San Vicenteren eskutik, txalapartaren doinu eta erritmoetan trebatu ziren.

Goiza borobiltzeko, Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen eskutik, mokadutxo ederra dastatu zuten, bertako sagardoz bustia.

[]