Arrakasta itzela izan du bart, NOAUA!ren Kulturaldiaren baitan proiektatu dugun "Black is beltza" animaziozko filmak. Haren zuzendari Fermin Muguruza gonbidatu genuen ekitaldi hasierara, eta goraino bete zuen Sutegiko auditorioa, ondoko irudietan ikus dezakezuen moduan.
Filmaz eta bere ibilbideaz mintzatu zen Muguruza. 1965eko urrian girotua dago "Black is beltza". New Yorkeko Bosgarren Hiribidean desfilatzeko gonbita jaso zuen urte hartan Iruñeko San Ferminetako erraldoien konpartsak. Ezin izan zuten ordea denek desfilatu. Agintari ipar-amerikarrek debekatu egin zieten erraldoi beltzei parte hartzea. Benetako gertaera horretatik abiatzen da Muguruzaren animaziozko filma.
"Hemen laburbiltzen dira gauza pilo bat; euskaldunok non gauden munduan, pairatu dugun zentsura. Aldi berean, nola erreibindikatzen dugun dantza egitea eta komunitate bezala elkarrekin parte hartzea dantza horretan. Bat batean dena geneukan; zentsura, arrazakeria, dantza bat egiteko eta kantatzen duen herri bat ez dela inoiz hilko esateko gogoa", zioen Ferminek proiekzioaren aurretik goraino betea zegoen Sutegiko aretoan.
"Oraindik beltzak gara"
Gaineratzen zuenez, "pelikula honekin aldarrikapen batzuk egin nahi izan ditugu; arrazakeriaren kontrakoa. Gaur egun arrazakeria nonahi dugu eta gorantz doa". Bestalde, adierazpen askatasunaren aldekoa, zentsura ez baita desagertu. Filmaren ildoari erreferentzia eginez Muguruzak Sutegin zioenez bai munduan eta gertuago ere, "oraindik beltzak gara ezin dugulako hitz egin ere espainiar estatuak duen telebista publikoan". "Black is beltza" animaziozko filma aurkezteko berriki TVE telebista katean egin dioten elkarrizketak eragindako zalaparta tarteko, Muguruza elkarrizketatu zuen kazetariak barkamena eskatu behar izan zuen, elkarrizketaren biharamunean. Horregatik nabarmentzen zuen atzo Sutegin "pelikula bera proiektatzeak suposatzen du adierazpen askatasunaren aldarri bat egitea".
Zentsurarena ez da kontu berria. Bere ibilbidean hainbatetan sufritu behar izan duela oroitzen zuen Sutegin. Bai berak, baita hainbat euskal sortzaileek ere. "Ez Dok Amairuk pairatu zuten, guk ere pairatu dugu". Adibide gisa jarri zuen, 11 urte eman zituela Negu Gorriak taldearekin Galindoren mehatxupean.
Usurbilgo entseguak, bideoklip grabazioa...
Negu Gorriak aipatuta, Usurbil izan zuen gogoan. Herri honetaz oroitzapen gozo anitz ditu Muguruzak. "Ezkutuan etortzen ginen Usurbila entseatzera, Kakiren aitak prestaturiko sotora. Hortxe egiten genituen entsegu guziak". Lehen diskoa 1990ean grabaturiko bideo batekin argitaratu zuten. Bideoan (segidan duzue) Usurbil ageri da, frontoi atzealdea, Zumetaren murala eta hainbat usurbildar. "Duela 28 urte grabatu genuen bideoan agertzen zarete zuetako asko. Hor ateratzen dira ume txiki batzuk, orain guraso izango dira, frontoiko Zumetaren mural zoragarri horren aurrean".
https://youtu.be/Gdy1Y1s-0Jo