Jai dute ostegun hau Zumartekoek. Azaroak 22, Santa Zezili Eguna musikariena ere bai baita. Ospakizunak jai bezperara, hilaren 21era aurreratu dituzte. Urtero moduan, eta Euskal Herri osoko musika eskolek bezala, Musikalean ekimena antolatu du Zumartek; kalejira lehenik eta segidan Sutegin kontzertua.
Euskaraldia hasi bezperatan egokitu da aurtengo edizioa. Une ezin egokiagoa, Zumartek euskararen erabilera areagotu eta hizkuntz ohituretan eragin nahi duen 11 eguneko ekimenari ekarpena egiteko. Kasu honetan, musikaz giroturiko ekarpena noski.
Uxue Alberdik Euskaraldiaren harira sortutako 12 bertsoetatik lau hautatu, musikatu eta abestekoak zituzten hilaren 21eko hitzorduan. Herrian barrena, kalejiran zehar egitekoak zituzten geldiuneetan batetik, eta Sutegin talde instrumentalak eskaintzekoak ziren kontzertu amaieran, auditoriora bertaraturiko guztiekin batera. Aipatzekoa, kopla hauek prestatzeko musika eskolan aurrez egin duten lanketa. Zumarte ere Euskaraldian murgiltzeko prest da honez gero.
“Euskaraldia”
Egilea: Uxue Alberdi.
Asko maite dut euskera,
Asko maite dut euskera,
baina pasako al gera
haren alde egotetik
haren alde egitera?
haren alde egitera?
Asko maite dut euskera.
Ulertu edo hitz egin,
Ulertu edo hitz egin,
bi poz dira, bi ahalegin ...
beharrezkoak euskara
gehiago erabil dedin
gehiago erabil dedin
Ulertu edo hitz egin.
Ahoak ta belarriak
Ahoak ta belarriak
prest eta bizi jarriak,
iraultzari gorputzetik
ekiteko oinarriak
ekiteko oinarriak
Ahoak ta belarriak.
Ahobiziaren giltza
Ahobiziaren giltza
ulertzen dutenei mintza,
ta zalantzarik bazenu:
euskaraz lehenengo hitza
euskaraz lehenengo hitza
Ahobiziaren giltza.