Dantzan eta taloak janez hasi dugu Euskaraldia Usurbilen

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 23a, 20:03

Ezin zitekeen beste moduan izan, goizeko 8:00etan txupinazoa jaurtita hasi dugu ofizialki Euskaraldia. Arratsalde partean, herritarrak ikasgeletatik eta lantokietatik aterata, plazan biltzeko hitzordua finkatu du ekimena herri mailan sustatzen dabilen taldeak. 

Lesen balantzea plazatzearekin batera, ez da falta izan jan edanik. Talogileak gogotsu jo eta ke aritu dira lanean. Euskaraldiko mahaian azken izen emateak bildu, txapak banatu eta 11 egunotako ekimenaren eragina neurtzeko galdetegiak betetzen aritu dira.

Eta frontoiko erdigunean erromeria giroa. Orbeldi Dantza Taldeak abiatu du jaialdia. Belaunaldi ezberdinetako talde kideen eskutik, Euskaraldiko abestia dantzatu digute. Eta segidan hartu du lekukoa Errebal taldeak.

Taloak janez eta dantza batean hasi dugu Euskaraldia Usurbilen! Orain Ahobizi eta Belarriprest guztiok 11 eguneko jardunean murgiltzeko ordua heldu zaigu!

EUSKARALDIA: datozen deialdiak

Abenduak 1, larunbata

17:30 Antzerkia Aginagako ludotekan: “Pupu eta Lore: haizearen herrira”. “Pupu eta Lore poz-pozik daude, aitona Manolo etorri baita bisitan, bere gitarra, kantu eta jolasekin, gauza oso gutxirekin, mundua dantzan jartzeko kapaz da aitona Manolo: musika eta irudimen apur bat. Zer besterik behar da, ba, egunerotasuna magiaz janzteko?”. Sarrera: doan.

Antolatzailea: Antxomolantxa Elkartea.

Abenduak 2, igandea

17:00 Euskarazko zinea haurrentzat Sutegin: "Magiaren etxea". Sarrera: 3 euro, egunean bertan Sutegin salgai. Antolatzaileak: Usurbilgo Udala eta Ziortza G.E.

18:00 Antzerkia Aginagan: “Ergela”. Aktoreak: Sara Cozar eta Joseba Apaolaza. Sarrera: 5 euro. Antolatzailea: Aginagako Eskola Txikiko Guraso Elkartea. “Froga psikologiko batzuetara aurkeztu da protagonista, diru pixka bat irabazteko asmoz. Bere arazo ekonomikoak konpontzeko diru erraza irabaztekotan joan da, baina tranpa eta iruzurra aurkituko ditu ordainetan. Psikologo batek galdera sorta tranpatia egingo dio, gure gizon ergela urduritasunak jota utzi zoritxarreko amaierarik gerta ez dadin”.

18:00 Euskaraldia borobiltzeko Usurbilgo Artixten emanaldia frontoi inguruan.

Amaieran, Ahobizi eta Belarriprest guztien talde argazkia.

Abenduak 3, astelehena

12:00ak aldera, Udarregi Ikastolako LH eta HH-ko ikasleen kantu emanaldia frontoi inguruan. Egunean zehar, ekimen ezberdinak bideratuko dituzte ikastola barruan.

Oharra: behin behineko egitaraua.

Informazio gehiago:

usurbil@euskaraldia.eus

usurbil.euskaraldia.eus

Facebook: Euskaraldia Usurbil

Twitter: @EuskaraldiaUsur

Youtube: Euskaraldia Usurbil