Errigoraren kaxak NOAUA!ra heldu dira

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 28a, 12:44

“Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” Errigoraren udazken parteko elkartasun ekimeneko produktu kutxak NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzan ditugu jada. Azaroaren 14ra arte finkatua genuen epearen baitan, Errigoraren Nafarroa hegoaldeko tokiko produktuen ekoizpena eta euskalgintza sustatzeko elkartasun kanpainako 29 produktu kutxa (23 kutxa beltz, 6 kutxa zuri) eskatu zenituzten. Jasotzera etortzeko aukera duzue jada. Kutxak hartzera zatoztenean egin beharko dira ordainketak. 

Ia milioi bat euro 6 kanpainetan

Kanpainaren 5. urtemuga honetan, Euskal Herrian guztira 13.000 saski eskatu dira, eta "162.500 euro bideratuko dira Nafarroa hegoaldean Ahobizi eta Belarriprest berriak sortzen jarraitzeko ahaleginera".

Esker hitzak baino ez dituzte ekimen honen sustatzaileek. "Mila esker eta zorionak nola edo hala kanpaina honen parte izan zareten guztioi. Biba gu!", adierazi dute. Urteotan ia milioi bat euroko laguntza bildu dute. "2013 eta 2017 artean bost kanpaina joanak ziren, eta Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara 800.000€ inguru bideratuta genituen jadanik", berri eman dute Errigoratik. Baina ez da hemen amaitzen, "askoz gehiago da oraindik lortzeko duguna".

Laguntza ikastoletara, AEKra...

200 herrietara zabaldu dute kanpaina, ehunka lagunen bolondres sarea osatu da, milaka etxeetan sartu dira saskiak, 23 ekoiztetxe inplikatu dira, dozenaka langile eta ehunka nekazari. "Oso polita da helburuak konpartitzen ditugunen arteko elkarlana. Eta politagoa desberdinen artekoa; batzuei besteen irrikak eta ametsak itsastea", diote Errigoratik.

Auzolan erraldoi honi esker, "Ikastolek, oinarrizko beharrei erantzuteaz gain, inbertsio berriei aurre egiteko aukera ere izango dute; AEKn izena ematen dutenek beka-sistema baterako sarbidea izango dute eta Sortzenek euskararenganako aurreiritzi eta diskurtso gezurtiei aurre egiten jarraituko du, sare publikoan D ereduaren aldeko hautua sustatuz. Labur esanda, Nafarroa hegoaldean ahobizi eta belarriprest berriak sortzen jarraitzera bideratuko da ekarpena, euskalgintzara haize berriak ekar ditzaketen proiektuei muzin egin gabe".

 

Informazio gehiago: errigora.eus