Usurbilgo Udalak Euskararen Egunean jai, abenduaren 6an lan eguna

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 28a, 13:03

Egutegi propioa izateko norabidean, modu honetan egituratu du hurrengo astea Usurbilgo Udalak. Astelehenean ospatuko dugun Euskararen Nazioarteko Egunez jai egingo dute, eta Espainiako Konstituzioaren Egunean aldiz lan eguna izango dute. Honenbestez, abenduaren 3an udal zerbitzuak itxita izango dira, eta abenduaren 6an zabalik ohiko ostegun baten moduan.

Bi egunok aste berean egokitzen direnez, modu honetan lan egitea adostu du udal langileen gehiengoak. Hainbat urtez modu honetan funtzionatzen daramate. "Badira urte batzuk Usurbilgo Udaleko langileen gehiengoak, egutegi propioaren norabidean, abenduaren 3a jaiegun bihurtu zutela, eta, kontrara, abenduaren 6ean, jaiegun arrotza dela sinetsita eta Espainiako Konstituzioaren urteurrenean ezer ospatzeko ez dugula iritzita, lan egiten dutela", ohar bidez Udaletik aditzera eman dutenez.

Ondorioz, datorren astelehenean, abenduaren 3an, astelehenetik igandera eskaintzen diren udal zerbitzuek, ohiko jai egunetako ordutegia izango dute; Oiardo Kiroldegiak esaterako. Astelehenetik ostiralera edo larunbatera eskaintzen direnek jai egingo dute. Abenduaren 6an udal zerbitzuak ohiko moduan eskainiko dira.