Pentsio duinen alde mobilizatzeko deia egin dute Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteek, Duina mugimenduarekin batera. Ostegun honetarako finkatu dute hitzordua, azaroaren 29an 19:00etan Mikel Laboa plazan. Ondoko irudian, toki berean duela hilabete egin zuten elkarretaratzea.
Duintasunez bizi eta duintasunez bizitzeko pentsio duinen alde mobilizatzen segitzeko asmoa dute elkarretaratzeon deitzaileek hilero. Abenduko hitzordua laster zehaztekoak dira. Momentuz finkatua dagoena, Hego Euskal Herriko egingo diren manifestation hitzorduak. Abenduaren 15ean egingo dira manifestazioak hiriburuetan.
DATOZEN DEIALDIAK
Azaroak 29, osteguna
19:00 Pentsio duinen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzaileak: Aginaga, Santuenea eta Usurbilgo jubilatu elkarteak eta Duina mugimendua.
Abenduak 15, larunbata
Pentsio duinen aldeko manifestazioak hiriburuetan. Gipuzkoakoa Donostian.
Pentsiodunen martxa
Gipuzkoako Pentsiodunen Birarekin bat eginez, pentsio duinen aldeko martxa egin zuten urriaren 4an Usurbildik Lasartera. Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteek deituta, Ingemarretik abiatu, Kaxkoa zeharkatu eta Kalezarretik Troiara jaitsi eta N-634 errepidea zeharkatuz, Lasarterantz jo zuten.
Bidean, iragarria zuten moduan, hainbat geldialdi egin zituzten; lehenengoa Usurbilgo udaletxean. Bizi duin baten aldeko eskaerak biltzen zituen gutuna helarazi zioten Usurbilgo alkate Xabier Arregiri, udalbatzak aztertu eta bozkatu dezan.
Troian egin zuten bigarren geldialdia, N-634 errepideko zonalde honetako pasabidean, herriko puntu beltzetako batean. Puntu Beltzik Ez! Usurbil seguru eta jasangarriaren alde lanean diharduen herri plataformak, aipatu martxarekin bat egin eta bilgune honen aldarria N-634 errepidera zabaldu zuten; errepidea moztu zuten.
Irudiotan jaso genuen urriaren 4ko martxa:
Urriaren 4ko pentsiodunen martxa
https://youtu.be/_3yPn28-_1A
https://youtu.be/RltMFHOPHco