Pentsiodunak, duintasunez bizitzeko mobilizazio fase betean

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 29a, 07:44

Haiengatik eta atzetik datozenengatik, guztiontzako etorkizun hobe baten alde ari dira borrokan. Duintasunez bizitzea dute aldarri nagusia eta egun mobilizazio fase betean dira txoko askotan. Aurrerantzean baita Usurbilen ere. Hiru jubilatu elkarteak eta Duina mugimenduak urrian hasi ziren pentsio duinen alde mobilizatzeko plazara ateratzen. Ostegun honetarako finkatu dute hitzordua berriz. Aurrerantzean hilabetero herritarrak bizitza duin baten aldeko borrokara batzeko deia egiten digute Gure Pakea elkarteko zuzendaritza taldeko kide Manu Aranburu, Damaso Lizaso eta Manolo Agrak NOAUA!ri eskaini dioten elkarrizketa honetan.

Urrian bezala, azaroaren 29rako berriro mobilizatzera deitu gaituzue. Zergatik erabaki duzue berriz plazara ateratzea?

Damaso Lizaso: Usurbilen, pentsiodunen mugimendu honetan ia apenas jenderik mugitzen den. Baina batzuk etorri zaizkigu esanez ezin dutela pentsiotik kobratzen duten 400 eurorekin bizi. Hori ikusita hemen nabari da zerbaiten falta badela. Gabezia hori egon eta mugimendurik ikusten ez denez, ia jendea mugiarazten den. Kostatzen ari da. Noiz edo noiz pentsatzen hasi beharko du jendeak, norbera ez bada mugitzen, zaila izango dela hemen ezer lortzea.

Arazoa denona da ezta?

D.L.: Bai, ez pentsiodunena bakarrik, atzetik datozen guztiena baizik. Atzetik datozen guztiak ez badira mugimendu hau bultzatzen jartzen, gero berriro lanean hasi beharrean bakar bakarrik geratuko dira. Zaila izango da.

Manu Aranburu: 65 urtetik gorako 1.026 gizon emakume dago Usurbilen. 1, 2 eta 3 mailako mendekotasun egoeran 300 gizon emakume daude. Hori asko da. Haiei bizitza duina, askea eta kalitatezkoa izateko tresnak jarri behar dizkio administrazioak eta gure elkarteen laguntzaz. Ez dira ahaztu behar. Isilean eta ezkutuan daude, gure bizilagunak dira. Asko eta asko bakarrik daude. Pentsio baxuak dituztenen kopuruak ez ditugu eskuartean. Eskatzekotan gara. Pentsatzen dugu ehunka izango direla pentsio baxu horiekin, 400-600 eurorekin. Eta horrekin ezin da bizi. 1.080 eurorekin bizitza duina egin daiteke, baina 400­-600 eurorekin ezin da bizi modu horretan. Horrek justizia eskatzen du. Dirua egon badago, aurtengo aurrekontuan 631 milioi euro gehiago jaso da EAE-ko hiru lurraldeetan.

Manolo Agra: Une oso garrantzitsua bizi dugu pentsioen gaian. Bizitzaren kostua pentsioen balorea baino askoz garestiagoa da. Horrez gain, gutxieneko pentsio gisa ordaintzen ari direna desastre hutsa da. Mobilizazioekin akordioetara heldu nahi da; 1.080 euroko gutxieneko pentsioak izatea, pentsioak KPIra lotzea. Eskaera justua da, justifikazioa gai honen alde borrokatzen segitzeko.

1.080 euroren eskakizuna ezaguna egin zaigu. Zergatik 1.080?

D.L.: Hori gutxieneko kopurua da. Esaten da hori ez dela konponbidea, bizimodu honetan justu bizitzeko. Erosahalmena geroz eta atzerago geratzen ari zaigu. Zergatik? Kobratzen ez baduzu, ezin duzu gastatu. Hori ahalbidetzeko, 1.080 euro ez, gutxienez 1.200 euro beharko lirateke.

M. Aranburu: Labur esanez, lan duina eta gutxieneko 1.200 euroko pentsioa eskatzen dugu.

65 urtetik gorako 1.026 usurbildar daudela aipatzen duzue. Egoera kezkagarriagoa izan daiteke etorkizunean, adin tarte honetako herritar kopurua hazten joango baita?

M. Aranburu: Handitu egingo da. Diotenez, 2050. urterako Gipuzkoako biztanleriaren %40a izango da. Orduan behar beharrezkoa da diru hori, ez da gehiegi eskatzen. Eskaera erreala da, gutxieneko bizi kalitatea izateko jendea txukun bizitzeko jarri daitekeena.

Hainbat eskubide izateko borrokan aritutako belaunaldikoak zarete. Ustez konkistatuak ziren hainbat eskubide betearaziak izateko berriz ere kalera mobilizatzera atera beharrean aurkitu zarete. Atzetik gatozen belaunaldiak ez dugu zuen belaunaldiak borrokatu eta irabazitakoa zaintzen asmatu?

D.L.: 44-45 urte kotizatuak ditugunok lehengo geneak oraindik gure gorputzean bizirik ditugu. Orduan gu atera egiten gara plazara. Pena ematen du, ezer izan gabe geratu daitezkeen horiek guztiak, oso aurpegi alaiarekin ikusten direla oso urrutitik. Horrek emango du buelta. Eguraldi onaren ondoren txarra zenbat etorriko den ezin da jakin, eta aurretik lan eginda eguraldi txarrerako ez bada prestatzen, horixe gertatuko zaie oraingo belaunaldiei. Espainian hainbeste lapur, milaka milioiak batera eta bestera eman dituzte, bankuak erreskatatzeko pentsiodunen kaxatik dirua eman diete. Hemen lapurraren mende garen urteotan, gu geronen eskubideak eskatzen hastea esajeratzea dela iruditzen zaie. Baina bizi ezinik jartzen hasten denean pertsona, atera egin behar du kalera.

Bizitzeko duintasuna da eskatzen ari zaretena.

D.L.: Hori da eskatzen dena, eta hortik ez gaitzatela baztertu. Hauteskundeak datozen garai honetan, kontu handiz ibili behar dute. Gurekin ez badute estropezu handi bat egin nahi, gurekin egon behar dute.

Pentsiodunen Gipuzkoako martxaren baitan, hainbat eskaera biltzen zituen gutuna helarazi zenioten Udalari. Erantzunik jaso duzue? Eskaeron artean zein dira urgentziazkoak?

M.A.: Eskaera horietan adineko jendea babestu behar dela esaten da. Usurbilen erronka handia dugu; Kalezarren nagusientzako erresidentzia eraikitzea. Hori urgentea da, zeren une honetan 12 usurbildar daude herritik kanpoko zentroetan, beste 12 erresidentzietan sartzeko itxarote zerrendan daude. Eta beste 6-8 izango dira mendekotasun horren barruan azken urtean. Une honetan 30 plaza behar ditugu erresidentzia batean. Kalezarko erresidentziaren proiektua aurrera doa baina mantso. Hori azkartu egin behar da.

M. Agra: Tutoretzapeko apartamentuak eskatzen ditugu. Udalarekin saiatzen ari gara sustatzen, Usurbilentzat hain interesgarria den egitasmoa. Eskari handia dago. Gai hau negoziatu behar dugu. Horretan gaude, bildutako herritarren sinadurekin borrokan amaierara heltzeko. Badirudi orain, bide onetik doala gaia.

Herri mailan dauden 3 jubilatu elkarteak elkarlanean jarri zaituztete gaiok.

D.L.: Gu hilero biltzen gara Aginagakoekin eta Santuenekoekin. Nire betebeharra hala da, haien izenean joaten naiz probintzia mailako bileretara zer egiten dugun azaltzera. Bateratuak gaude hiru elkarteok. Oraintxe Aginagan ere Arrate taberna ireki dute berriz eta hori albiste ona da guretzat.

Herri mailako lankidetza, zabalagoa den mugimenduaren baitan dago. Hor nola kokatzen duzue zuen burua?

D.L.: Gipuzkoan AGIJUPENS Gipuzkoako jubilatu eta pentsiodunen elkartearen barruan gaude. Eskatzen digutenean ahal dugun guztietan herrialde mailako manifestazioetara joaten gara.

“Guretzako bakarrik eskatuko bagenu, gurekoiak izango ginateke”

Ez gaude ohituta baina konponbideak belaunaldi arteko elkarlana eskatuko du.

D.L.: Iaz, urte amaieran belaunaldi arteko topaketa egin genuen Ziortzako gazteekin. Artzabalera etorri ziren. Bi saio egin dira eta esperientzia oso politak izan ziren. Kalera atera, gazteak, umeak zure izenez deika hastea, nolabait elkarbizitza hori sortzen asmatzea oso polita da. Hor ia nahasten garen, zahar, gazte, ume. Ia bizimodu postura hori nola sortu asmatzen dugun.

Duintasunez bizitzea denontzako ari baitzarete eskatzen?

D.L.: Guretzako bakarrik eskatuko bagenu, gurekoiak izango ginateke. Gu zabalik gaude. Jubilazio handi samarra izan edo ondo bizitzeko adina dutenei ere zerbait esan nahi genieke. Maila onean bizitzeko zortea izan badute, zergatik ez esku bat bota okerrago bizi direnei? Denon lana da. Artzain batek ez du ardi bakar batentzako lan egiten, artalde osoarentzat baizik. Eta galduta doazen ardi horiek pilatzen, hemen horretan lan handia dago.

M. Agra: Guztia egungo nahiz etorkizuneko pentsiodunen onurarako da. Mobilizazioetan parte hartzera joaten den jendeak baino gehiagok parte hartu beharko luke, azken finean denon pentsioen interesak defendatzeko baita.

Epe motzean ez da aurreikusten egoera goitik behera aldatuko denik. Halako mobilizazioen beharrak egoten segiko du.

M. Agra: Gipuzkoako herri askotan egiten ari dira mobilizazioak, hiriburuetan astelehenero. Borrokan segi behar dugu. Gobernu bat erori bada eta beste batek erori behar badu, zer egingo diogu. Gu gurea defendatu beharrean gaude.

Aurrerantzean beraz, hilero egun bat pentsiodunena izango da Usurbilen?

D.L.: Guretzat bai. Erabakita geratuko da laster, ze ostegunetan izango den elkarretaratzea.

Datozen deialdiak

Azaroak 29, osteguna

19:00 Pentsio duinen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.

Deitzaileak: Aginaga, Santuenea eta Usurbilgo jubilatu elkarteak eta Duina mugimendua.

Abenduak 15, larunbata

Pentsio duinen aldeko manifestazioak hiriburuetan. Gipuzkoakoa Donostian.