Txokoalderako sarbidea, "puntu beltza, edo zulo beltza?"

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 29a, 09:13

Usurbil jasangarri eta seguruaren alde lan egiteko sortu zuten urte hasiera “Puntu beltzik ez” herri plataforma. Besteak beste, oraindik egun konponbide beharrean diren Usurbil eta Aginaga zeharkatzen duen N-634 errepideko hainbat puntu beltz seinalatu zituzten. Puntu beltzotako bat duzue ondoko irudian. Aginaga erdigunetik nahiz Usurbil aldetik N-634 errepidean barrena Txokoaldera jaisteko dagoen sarbidea. Komunikazio puntu oso garrantzitsua txokoaldetarrentzat, baina Txokoalde bertako bizilagun batzuk NOAUA!ra helarazi duten ondoko idatzian azaltzen duten moduan, “zulo beltza”.

Puntu beltza, edo zulo beltza?

Urriaren 19an argitaratuko NOAUA! aldizkarian, Aginagan dagoen puntu beltz bati buruzko albiste bat topatu dezakegu. Albiste honen helburua, Aginagan aurkitu dezakegun beste puntu beltz bat azaltzea da. Puntu hau, hain da beltza, non zulo beltza deitzea izango genuke. Puntu hau, N-634 tik Txokoaldera joateko hartu behar den irteera da. Puntu hau, hain da garrantzitsua, non funtzio ezberdinak betetzen dituen. Auzorako dugun sarrera nagusia izateaz gain, bertakoek dugun autobus geltokia ere bada, norabidez aldatzeko aukera bikaina ere bai, eta gutxi ez balitz, gasolina ere bota dezakegu “zulo” beltz honetan.

Zulo beltz hau hobeto ulertu nahi baduzue, ariketa sinple bat proposatzen dizuegu. Har ezazue autobusa Oriorako norabidean, eta jaitsi zaitezte Galardiko autobus geltokian. Behin autobusetik jaistean, paretaren kontra ondo itsatsi beharko genuke, inork ez baitaki autobusaren atzetik kotxeren bat sartu daitekeen gasolindegian. Lehenengo oztopoa pasata, bi aukera izango genituzke gure aurrean. Alde batetik, aukera errazena hautatu dezakegu eta korrika saio batean errepidea pasa kotxerik ez badago. Beste aldetik, beste nonbait gurutzatzea erabaki dezakegu eta beraz, gertuen dagoen zebra bidera jo beharko genuke, alegia Aginagako elkartearen parean. Azken finean, Txokoaldera joateko ez dago zebra biderik, ezta abiadura moteltzeko marrarik, ezta autobus geltoki estalkirik. Errepide erdiko marrari ere zatiren bat falta zaio, aurreratzea baimenduta baitago “rekta” (zuzen?) honetan … zulo beltzak irentsiko zituen hauek denak. Oraindik sasoian bagaude, errepidea zeharkatzea ez da horren besterako arazo bat, azken finean, nahikoa izango genuke adineko pertsonek eta umeek autobusa ez hartzearekin …”.