Erraustegiak ziurgabetasuna, segurtasun falta eta beldurra sortzen du, GuraSOSen Hitzartu prozesuko parte hartzaileen arabera

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 29a, 19:02

Informazio zinez mamitsua plazaratu du egunotan GuraSOS-ek. Zer aztertu, zer pentsatu eta zer ondorioztatu ematen duten hiru txosten. Txosten hauen edukia plazaratzen joango gara pixkanaka. Momentuz, ondoko lerrootan, GuraSOS-ek iazko abenduan aurkeztu eta urte honetan zehar martxan duen Hitzartu prozesuaren testuinguruan kaleratu dutenaren berri eman dizuegu. Dakizuenez, Foru Aldundiak iragarri bai baina gipuzkoarrei ukatu zien hitza hartu dute 775 gipuzkoarrek baino gehiagok, azken hilabeteotan bideratu dituzten dinamika ezberdinen bidez. Helburua, herritar, eragile eta adituen aldetik bildutako ekarpenekin, erraustegia alboratuko duen Gipuzkoarako, etorkizuneko hiri hondakinen kudeaketa plana erredaktatzea da. Eta plan honekin, Gipuzkoan gai honekin dugun gatazka elkarlanean adostasunez konpontzea.

Prozesu honen baitan, mahai teknikoa (adituena) eta soziala (herritar eta eragileena) eratu zituzten eta lanketan jardun dute azken hilabeteotan. Abendu amaieran aurkeztekoak dira plana osorik, baina xehetasun batzuk eman ditu ezagutzera jada GuraSOS-ek. Duela hilabete, plan honen lehen fasea aurkeztu zuten. Orain, prozesu honen testuinguruan osaturiko herritarren epaimahaiak eginiko lanketaren ondorioak plazaratu dituzte.

Desinformazioa eta osasunarentzat arriskutsua

Hondakinen kudeaketari buruz duten iritzia eman dute bilgune honetan gipuzkoarrek. Nabarmentzeko moduko emaitzak izan ditu prozesuak. Erraustegiak ziurgabetasuna, segurtasun falta eta beldurra sortzen diela adierazi dute. Haien eta etorkizuneko belaunaldientzat egitasmo arriskutsua dela ikusten dute. Gai honen inguruan dagoen desinformazioa agerian utzi dute. Benetazko informazioa galdegiten dute. Babesgabe sentitzen dira gai honetan erakundeek hartzen dituztzen hainbat erabaki kaltegarriren aurrean babesik gabe sentitzen dira. Erakundeek arriskua sortutakoan jokatzen dute, kontrol eta zaintza falta sumatzen dute.

GuraSOS-etik azaldu dutenez, herritarrokin bi tailer egin dira azken hilabeteotan. Bat Donostiako Tabakaleran, bestea Mondragon Unibertsitatean. Saio hauetarako irizpide demoskopikoekin hautatu diren herritarrekin gipuzkoarrak ahalik eta ondoen ordezkatzen saiatu dira. Eskualde ezberdinetako adin tarte ezberdinetako gizon eta emakumeak batzen ahalegindu dira; erraustegiaren aldeko eta kontrakoak edo erraustegiaren aurrean iritzi definiturik ez zutenak. 

Hondakinen kudeaketaren gaia luze zabal aztertu dute: gai honetan herritar eta erakundeek dituzten ardurak, ingurumena eta osasuna, kontzientziazioa eta prebentzioa, kontsumo ohiturak, ekoizleen ardurak, tasak, erraustegiari buruzko iritzia. Segidan dituzue GuraSOS-ek plazaratu dituen ondorio nagusiak:

ONDORIO NAGUSIAK

-Informazio falta: hiri hondakinen kudeaketari buruz aztertutako aspektuetan, informazioa desinformazio eta nahasmenaren sinonimoa da herritarrentzat.

-Hondakinen kudeaketari buruz egiazko informazioa eskatzen dute. 

-Haien burua protagonista gisa ikusten dute hondakinen kudeaketaren gaian. Hondakinak egoki prebenitu, berrerabili eta birziklatzeko duten betebeharraz oso kontziente dira.

-Herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea Udala da eta Udalak informatzailearen funtzioa bete dezake. Ez dituzte hain hurbileko sentitzen Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Erakunde zerga biltzaile eta arautzaile gisa ikusten dituzte bi erakundeok, hurrenez hurren. 

-Hiri hondakinak desegoki kudeatzeak osasun eta ingurumenerako arriskuak eragiten dituela onartzen dute. Ez dituzte arriskuok bere gain hartu nahi, baina diotenez, inkontzienteki, ezagutzen ez dituzten arriskuen eta erakunde publikoek hartzen dituzten erabaki kaltegarrien aurrean aurkitzen dira.

-Erakundeek jokatzen duten papera asistentziala da gehienbat (arriskua sortzen denean jarduten dute). Gaiari buruzko kontrol eta zaintzan zorroztasun falta antzeman dute. Arauak betetearazteko jarraipen handiagoa, benetako eta proportzionatuak diren zigorrak, kontzientziatze kanpainak, eta oro har informazio gehiago eskatzen dute.

-Oro har, hiritar arduratsu eta kontzientzatutzat duten haien burua, baina prebentzio eta informazio gehiago behar dela onartzen dute, bereziki gazteen kolektiboak, etorkizun jasangarriago eta osasuntsuago bat bermatzeko neurriak hartu ahal izateko.

-Egun hiritarrek hartutako neurri nagusiak, kontsumo jasangarri eta arduratsuarekin, hondakinen birziklatzea eta gaikako bilketarekin, berrerabilerarekin, bere ingurumen hurbilean duten kontzientziatzearekin du lotura.

-Kontzientziatzeak hainbat onura dakarzkiela diote: onura pertsonala, osasunerako onurak, ingurumena hobetzea, eta gaiari buruzko kontzientzia sortzea.

-Hondakinen eta kontsumo arduratsuari dagokionean neurri eta ohitura egokienak hartuta ere, herritarrak kontsumo merkatuak, publizitateak eta globalizazioak baldintzatu eta zuzentzen dituela adierazten dute. Kontsumiltzaileen jokabidea zuzendu eta beharrak sortzen dituztela.

-Kontsumo ohitura egokiagoak izate alderantz jotzeko neurri nagusiok honako hauek dira: kolektiboaren kontzientziatzea, erregulazioa erakundeen aldetik, gizartea kontsumo arduratsuan hezi eta informatzea.

-Hiritarrak deseroso sentiarazten ditu udalerrietako tasen kudeaketaz hitz egiteak. Gehienek jakin gabe hitz egiten dutela onartzen dute, gaiari buruzko desinformazioa eta ezagutza falta orokorra delako. Logika erabilita, tasen kobratzeak justua eta gardena izan behar duela diote.

-Erraustegiak ziurgabetasuna, segurtasun falta eta beldurra sortzen die. Beste behin, agerikoa da informazio falta. Erraustegian egingo den benetako erabileraz eta ondorioez benetako informaziorik ez dutela onartzen dute. Haien eta euren seme-alaben osasunarengandik beldur dira. Ez dakite etorkizunean, benetan zer nolako eragina izango duen erraustegiak inguruan eta haien bizitzetan. 

-Hedabideen aldetik gaur arte jasotako informazioa ez da egiazkoa ezta lasaigarria ere. Erabaki hau egoki kudeatu eta informatzeko erantzukizuna euskal erakundeena da.