Ernai eta Aitzina gazte erakundeek irailean aurkeztu zuten "Bulkada berrien garaia da" dinamika. Honen baitan, ezker abertzaleko gazte antolakundeak 2019an 40 urte beteko dituen honetan, herriz herri dinamika ezberdinak bideratu nahi dituzte, gazte antolakundeen memoria liburu batean bildu eta lau hamarkada hauetan gazte antolakundeetan parte hartu duten gazteak elkartu. Dinamika, 2019ko apirilaren 19tik 22ra, "Askatasuna taupadak independentziara!" aldarripean, Lemoan ospatuko den Euskal Herri mailako Gazte Topagune erraldoiarekin borobilduko dute.
Testuinguru honetan, Usurbilen talde argazkia aterako da larunbatean (abenduak 1), goizeko 11:00etan Mikel Laboa plazan. Gazte antolakundeko atzoko eta gaurko milintanteak, egungo militanteak eta militante ohiak hitzorduan parte hartzera deitu dituzte. "Gazte Antolakundearen 40. urteurrena dela eta, Usurbilgo Ernaik dei egiten dizue *Gazte Antolakundeko militante ohi guztiei* dinamika honen baitan aterako dugun argazkian parte hartzera".
Argazkia: artxibokoa.