Hala erabaki dute Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteek. Aurrerantzean, pentsio eta bizimodu duinak defendatzeko elkarretaratzea izango dugu hilero, azken ostegunetan, 19:00etan hasita Mikel Laboa plazan.
Gaur bezala. Ostegun iluntze honetan ere frontoi atzean bildu dira pentsiodunak. Haien eta atzetik datozen belaunaldiei eragingo dien gaia izanik, herritar oro altari honen bueltan batzera deitu dute.
Abenduan Usurbilgo mobilizazioarekin batera, Donostian egingo den Gipuzkoa mailako manifestaziora joateko gonbita ere luzatu dute baita. Ondoko adierazpena plazaratu dute.
DATOZEN DEIALDIAK
Abenduak 15, larunbata
Pentsio duinen aldeko manifestazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Gipuzkoakoa Donostian.
Abenduak 29, osteguna
19:00 Pentsio duinen aldeko elkarretaratzea Mikel Laboa plazan.
Deitzaileak: Usurbilgo Gure Pakea, Santueneko Gure Elkartea eta Aginagako Arrate jubilatu elkarteak eta Duina mugimendua.
ADIERAZPENA: EUSKO JAURLARITZAREN 2019rako AURREKONTUAK
Lehenik eta behin esan, komunikabideek alde batera uzten gaituztela eta denbora asko daramatela gure mobilizazioak ezkutatu nahirik. Baina ezin da eguneroko zerbait ilunpean utzi, gu astelehenero kalean gaude Hego Euskal Herriko kale eta plaza garrantzitsuenetan. Araban; Gasteizen, Laudion, Amurrion, Agurainen... astero kalean. Nafarroan; Iruñean, Lizarran, Baztanen, Altsasun... astero kalean. Bizkaian; Bilbon kristoren indarrarekin, eta berdin Bizkaia osoan nola ezkerraldean ala eskuinaldean eta garrantzizko herrietan, Ondarroan, Durangon, Amorebietan... Gipuzkoan herri askotan; Urola Kostan; Azpeitian, Zumaian, Getarian, Zarautzen, Usurbilen. Debagoienan (Antzuolan, Bergaran, Oñatin, Arrasaten) Debabarrenan (Eibarren, Elgoibarren, Soraluzen...), Goierrin (Zumarragan, Legazpian...), Tolosaldean (Billabonan, Tolosan), Buruntzaldean (Hernanin, Andoainen), Oarsoaldean, Txingudin...
Nahiz eta urte honetan diru-bilketa 631 milioi eurotan gehitu den, 2017an baino %6 gehiago, 2019ko aurrekonturako kopuru horretatik soilik 297,7 milioi euro bideratuko dira; zero defizita lortzeko helburuak, berriz ere beste urte batez, eragingo du Eusko Jaurlaritzaren aurrekontuak ez dituela aseko oinarrizko eskakizunak osasunaren alorrean, menpekotasunean, zein hezkuntzan eta oro har babes sozialean. Noiz jarriko dute begirada gure antzeko per capita errenta duten Europako herrialdeetan, eta europar bataz besteko Barne Produktu Gordinaren (BPG) 5 puntuko aldea murrizten saiatu?
Eusko Jaurlaritzak 297,7 milioi euro gehiago bere esku baditu ere, aurrekontuan sarturiko gastu publikoaren gehikuntza ekonomiaren hazkundearena baino murritzagoa izango da. Aurreikuspenok betez gero, 2019ko Eusko Jaurlaritzaren guztizko gastuak Barne Produktu Gordinaren %14,8 adieraziko luke, 2013an egindako gastuaren ehuneko bera, hain zuzen ere.
Egunotan jakin dugu bilerak egin dituztela Eusko Jaurlaritzak eta oposizioko alderdiek 2019ko aurrekontuak adoste aldera. Legebiltzarreko talde horietako batek 420 milioi euroko eskaera jarri du mahai gainean: pentsio baxuenak 1080 eurora osatzeko 350 milioi eta 70 milioi enplegu-planetarako. Trukean talde parlamentarioak bi abstentzio eskaintzen ditu, 2019ko aurrekontuen onarpena bermatze aldera.
Espero dezagun Eusko Jaurlaritzak bide onetik eramango dituela negoziazioak eta pentsiodunen eskaera kontuan izango duela bere kanpainen lelo nagusiari erantzunez, ororen gainetik pertsonak daudela, alegia.
Eusko Jaurlaritzari adierazi nahi diogu 1080 euro lortu arte borrokan jarraituko dugula, eta onar dezatela berandu izan baino lehenago, pentsiodunen arazoei helduko dien aurrekontuak nahi ditugulako, genero berdintasuna defendatuko dutena, inor ez dadin txirotasun egoeran egon, eta hori lortze aldera abenduaren 15ean kalera aterako garela gure indarrak batuz, politika publikoak pertsonen mesederako egin daitezen.
Pentsiodunak aurrera!