Tadamun elkarteak Palestinaren aldeko elkarretaratzea antolatu zuen azaroaren 16an. Orain, ikusentzunezko baten proiekziora joateko gonbitea luzatu digute: Cubanas, mujeres en Revolución dokumentala eskainiko dute ostiral honetan (azaroak 30) 22:15ean Sutegin. Hitzorduaren harira, Maria Torrellas zuzendaria elkarrizketatu dugu.
NOAUA! Cubanas, mujeres en Revolución dokumentala ez da atzera begira eginiko ariketa bat. Gaurko begiekin, iragana gogora ekarri eta etorkizuna proiektatzen duen ikusentzunezko bat dela esan daiteke, ezta?
Maria Torrellas. Hasierako helburua hau zen, atzo eta gaurko iraultzaileei buruz hitz egitea. Beti kontatu izan nahi dut ondokoa: emakume iraultzaile kubatarrak hasieratik egon zirela borrokaren lehen lerroan. Hori oso argi nuen. Duela 15 urtetik hona ari naiz emakume kubatarren egoera aztertzen. Arlo ezberdinetan erreparatu dut. Eta bereziki iraultza garaiko kontuetan: alfabetizazioa, osasuna, lan-mundua... Elkarrizketak egiteaz gain, Kubari buruzko dokumental ugari ikusi ditut. Film asko daude eta oso onak. Eta horiek ere aztertu ditut. Horrela konturatu naiz zer nolako arazoak gainditu behar izan dituzten emakumeek, hain gizonezkoak diren lan arloetan bereziki.
Aspaldiko irudiak ere berreskuratu dituzu.
Aurreikusia ez nuen zerbait gertatu zitzaigun lmazio egunetan. Elkarrizketatuek Celia Sánchez, Haydée Santamaría edota Vilma Espín iraultzaileen inguruko aipamenak egin zizkidaten eta elkarrizketatuen lekukotza horiek jaso ahala joan ginen dokumentalaren edizioa antolatzen. Monica Simonsini editorearekin antolatu nuen filmaren dinamika, testigantzen arabera denboran aurrera eta atzera eginez.
Ahalduntze hitza bogan da hemen, gure artean. Zure dokumentalean ez da aipatu ere egiten. Deigarria egin zait. Kuban, Iraultza garaitik ari direlako horretan etengabe akaso?
Bere garaian erabiliko zuten, baina orain ez dute behar. Kuban ez da erabiltzen, beste maila batean daudelako. Laster 60 urte beteko ditu iraultzak, eta Emakume Kubatarren Federazioak ere 60 urte beteko ditu. Kapitalismoarekin alderatuta, lorpen maila handiak erdietsi dituzte, dokumentalean esaten den bezala. Soldata berdintasuna, abortu legea, heziketa sexuala... Politikan ere partehartze-maila handia dute: %48. Mendebaldeko herrialdeek ez dute kopuru hori gainditzen. Rwandak bakarrik. Kuban, emakumeak zuzendaritza karguetan daude. Ahalduntze sozialaren ondorioz, emakumeek posizionamendu hori lortu dute.
“Etengabeko iraultzan jarraitzen dute”
NOAUA! Zure dokumentalean bada atentzioa deitzen duen beste elementu bat. Iraultzaz hitz egiterakoan, orainaldian mintzo dira denak. Iraultza ez da iraganeko zerbait, bizirik dagoen indar bat baizik.
Maria Torrellas. “Zer da iraultza zuretzat?”, hori galdetu nien elkarrizketatu denei. Eta dokumentalean argi eta garbi ikusten da eurek iraultzan segitzen dutela. Iraultzak dena eman zien baina, horretaz gain, etengabeko iraultzan ja- rraitzen dute. Bidean arazoak topatu arren –período especial garaia adibidez–, lorpen horiek denak ez zituzten galdu. Dokumentalarekin hasi au- rretik banekien iraultza oso presente zutela baina egin dizkiguten adierazpenekin uste hori berretsi egin didate.
“Berdintasunaren alde ahalegin handiak egin diren arren, oraindik lana dago egiteko”
NOAUA! LGTBI+ mugimenduaren berri ere eman duzu. “Kolore guztietako iraultza” aldarrikatzen dute manifestazio batean. Hango hedabideetan, zer nolako ikusgarritasuna dute horrelako mugimenduek? Aintzat hartzen al dira?
Maria Torrellas. LGTBI+ mugimenduak iaz Habanan egin zuen martxan izan nintzen eta jendetsua izan zen. Hori ere borroka kulturalaren parte da. Luze eta zabal aztertu dugu gai hau dokumentalean. 80ko hamarkadan, borroka honek une zailak ezagutu zituen, munduko beste toki askotan bezala. Homofobia handia zegoen eta sexu-dibertsitatea ez zen ulertzen. Kuban, urte asko daramatzate borroka honetan. Film hau horren isla da, azken batean. Nola aldatu estereotipoak, nola aldatu sinboloak. Begira, Kubak eta Latinoamerikak duela 500 urteko inbasioa jasateaz gain, Eliza Katolikoaren alderdirik erreakzionarioena jasan behar izan dute. Haien herentziak hor daude. Iraultzarekin berdintasunaren alde ahalegin handiak egin diren arren, oraindik lana dago egiteko.
Lengoaiak ere emakumeak diskriminatzen dituela zioen Fidel Castrok. Eztabaida hori berri samarra da gure inguru hauetan. Kuban ordea, badirudi sexismoa eta bazterketa soziala askoz lehenagotik hasi zirela lantzen. Hala al da?
Informazio asko batu dut horren inguruan eta ez dut dokumentalean bere osotasunean islatu. Dena den, Isabel Moya Revista Mujeres-eko zuzendariaren adierazpenak jasotzea garrantzitsua zela iruditu zitzaidan, lengoaiak ere baztertzen duelako. Lengoaian ez bagaude ez gara existitzen. Kubako emakumeek borroka kultural horretan jarraitzen dute. Ez da gai erraza. Konplexua da. Euskal Herrian ere feminismoak hori defendatzen du. Euskaraz ez dago sexismorik, hizkuntzak ez duelako genero bereizkeriarik egiten, baina erdaraz bai, eta oso zaila da horri aurre egitea. Hori da gure erronka.
Arraza bada bazterketa eragiten duen beste elementu bat. Jazarpen elementu bat izan da historikoki.
Kultura mailako borroka horretan, estereotipoen aurkako guda ere arrazari lotuta dago. Zulaika Romayk dioen bezala, oraindik badira mulataren inguruko aurreritziak, balorazioak, txisteak... Iraultza sozialista batekin bat ez da- tozen jarrerak.
Aurrera begira, zeintzuk dira kubatar emakumeek dituzten erronka handienak?
Isabel Moyak dioen bezala, iraultza kulturalari dagozkion borrokak. Rosa Luxemburg-ek zioen iraultza bat egin behar dugula ezarrita dauden rolak ez daitezen botere-harremanetan betikotu. Gizonezkoek gizonezko izate hutsagatik ez dezaten emakumeekiko botere rol bat eskuratu. Gizartea binarioa da eta kultura patriarkala denean dago. Baina giza ezberdintasun denak errespetatu behar dira, benetako berdintasun bat lortu nahi bada. Hori izan zen elkarrizketu guztiek nabarmendu zidatena.
“Kubako emakumeek itxaropena transmititzen digute”
NOAUA! Zein da dokumentalak zugan utzi duen ikasgairik garrantzitsuena?
Maria Torrellas. Asko izan dira. Kubako emakumeak hainbeste mirestuta ere, lan honekin zera deskubritu dut: Kubako emakumeak maitasun eta elkartasun mezu dira. Bereziki gure askatasunaren aldeko borrokan ari garen herrientzat. Eta emakumeentzat, zer esanik ez. Nor bere inguruan, arazo larriei aurre egiten ari gara. Eta emakume pobreak gara larritasun hori gehien pairatzen dugunok. Kubako emakumeek ordea, itxaropena transmititzen digute. Animoak ematen dizkigute. Eta gainera, iraultzan pentsatzen jarraitu behar dugula gogorarazten digute. Soilik iraultza baten bidez aldatu ditzakegula demokrazia burges hauek. Demokrazia hauekin preso gaude. Inoiz ez dugu berdintasunik lortuko horrela. Soilik iraultza baten bidez aldatuko dugu patriarkala eta inperialista den kapitalismoa. Pobreenak ere erabaki ahalmen guneetan egon gaitezen, berdintasunean eta justizia sozialean oinarritzen den gizarte bat lor dezagun. Kapitalismoa hain modu beldurgarrian garatzen ari den moduan, feministek eta gainontzeko mugimendu sozialek agenda iraultzaile bat eduki behar dugu.