“Herri musika beste maila batekoa izan da"

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 29a, 19:49

Abenduaren 9an Donostiako Victoria Eugenia Antzokian eskainiko duen kontzertuaz gain, Joseba Tapiak egitasmo berri bat iragarri du. Zortzi musikariz osaturiko talde berri bat osatu du eta lagun horiekin bira bati ekingo dio. Donostiakoa izango da lehen emanaldia. Biraren ondoren, talde berarekin kanta berriz osaturiko disko bat grabatuko duela adierazi du Tapiak. 

Proiektu berri honetan, Joseba Tapiak taldekide hauek izango ditu: Nerea Erbiti (perkusioa eta trikitxa), Jon Celestino (tronpeta), Garazi Petrirena (tronboia), Asier Ituarte (tronboia), Iñar Sastre (pianoa), Iñigo Telletxea (baxua) eta Iker Uriarte (jazpana).

Abenduaren 9ko kontzertuan lagun gehiago ere igoko dira oholtza gainera. Gonbidatu gisa arituko dira Niko Etxart, Arkaitz Miner, Xabier Amuriza eta Xabier Leturia. Azken honekin, Tapia ta Leturia garaiko kanta batzuk berreskuratuko dituela aitortu du gaurko prentsaurrekoan.

Sarrerak ondoko esteka honetan eros ditzakezue: Joseba Tapia Victoria Eugenia Antzokian.

Herri musikaren aldeko apustua

"Badago arrazoi sakonago bat aldaketa hau egitera bultzatu nauena. Herri musikarekiko dagoen ideia bati buelta eman nahi izan diot". Azkenaldian, arinkerira lerratu dira folk musika proposamenak. Herri musikari buruz hedatu den ikuskera ere murritza dela uste du. Proiektu honen bitartez, musika popularraren funtzioa aldarrikatu nahi du Tapiak. “Herri musika beste maila batekoa izan da. Askoz interesgarriagoa. Bere garaia interpretatu du. Ironikoki, barregarri, negargarri, haserre…Hor ondare handi bat dugu musikariok. Nik hortik ikasten jarraitzen dut”.