Euskal preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko elkarretaratzea 20:00etan Mikel Laboa plazan

Noaua Aldizkaria 2018ko aza. 30a, 07:40

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak deituta, azaroko azken ostiraleko elkarretaratzea, euskal preso eta iheslarien etxeratzea eskatzeko kontzentrazioa gaur (azaroak 30) iluntzeko 20:00etan hasita Mikel Laboa plazan. Gogoan izan, salbuespenezko legediaren ondorioz, Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean segitzen dute preso, Olatz Lasagabasterrek, Patxi Urangak eta haien ia bi urteko haur Xuak. 

Urte amaierarako deialdi ugari

Gaurko elkarretaratzearen ostean, ohi bezala, euskal presoen eskubideen aldeko deialdi ugari izango dira urte amaieran. Kantuan irteteko hitzordua finkatu dute abenduaren 24rako, urte zaharra agurtu eta berriari ongi etorria emanez, euskal presoen eskubideen aldeko topa 2018ko azken egunerako. Lehenago, abenduaren 19rako solasaldia. Adin nagusiko senideak eta dispertsio politika hartuko dute ahotan, eta "Azken arnasa arte" dokumentala proiektatuko dute. 

Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak finkatutako hitzordu hauei, urtarrilaren 12an Bilbon eta Baionan Sare mugimenduak deitutako manifestaziorako deialdia erantsi behar zaio.