Hilabeteko azken ostiraletako irudia Usurbilen, euskal presoak etxeratzeko elkarretaratzea egin dute iluntzean Mikel Laboa plazan. Gogoan izan, salbuespenezko espetxe politikaren eraginez, Usurbildik 600 kilometrora, Valentziako Picassent espetxean segitzen dute Olatz Lasagabasterrek, Patxi Urangak eta haien ia bi urteko haur Xuak.
Haiekin batera, senideek jasan behar izaten dituzten sakabanaketaren ondorioak izan dituzte hizpide ostiral iluntze honetako elkarretaratzean. "Bere sorterritik 550 kilometrotara Castellongo espetxean dagoen Karmelo Lauzirika Oribe zein 360 kilometrotara Leongo kartzelan dagoen Olga Comes Aranbillet euskal preso politikoen lagunek ezbeharrak sufritu dituzte". Lauzirikaren lagunak ez ziren zauritu, Comesen laguna bai, arinki. "Ezbehar hauekin, 6 dira aurten euskal preso politikoen senideek sufritutako istripuak eta 14 senide eta lagun kaltetuak. Dispertsio politika aplikatzen hasi zirenetik, 400 bat auto istripu baino gehiago gertatu dira. Horietatik hiru kasutan usurbildarrak izan dira kaltetuak", gogorarazi du gaur Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak.
Testuinguru honetan nabarmentzen zutenez, "30 urte betetzera doan salbuespenezko espetxe politika malapartatu honek mina eta sufrimendua eragiten jarraitzen du. Baina askotan, min hori estalia, isildua izaten da. Zazpi urte dira jada euskal gizartearentzat aro berri bat sortu zela. Eszenatoki berri horretan, biktima guztien aitortza beharrezkoa den arren, gaur egun erakunde ofizialen aldetik, biktima eta sufrimenduen arteko sailkapenak egiten dira. Non jaso dira bestela, dispertsioaren erruz hildako 16 senideak?".
Usurbilen Nahi Ditugu bilgunetik gaineratzen dutenez, "aitortza hori ezinbestekoa da halako zorigaitza inoiz gehiago ez errepikatzeko eta haien familien sufrimendua baretzeko. Horregatik, euskal gizartearekin batera, lanean jarraituko dugu traba guztien gainetik errekonozimendua lortzeko ez ezik, dispertsioa bera behingoz eta betiko deusezteko".
Abenduan azken ostiraleko mobilizaziorik ez
Abenduko azken ostiralean ez da hileroko elkarretaratzerik izango, Usurbilen Nahi Ditugu bilguneak urte amaierarako hainbat hitzordu finkatu ditu.
DATOZEN DEIALDIAK
Abenduak 19, osteguna
19:30 Mahai-ingurua+dokumentala Sutegin: adin nagusiko senideak eta dispertsio politika.
Zehaztasunak: Adin nagusiko senideak eta dispertsio politikaren inguruko mahai-ingurua. "Azken arnasa arte: gure nagusien duintasun eta kemenari gorazarrea" dokumentalaren proiekzioa.
"Kontzientziak mugiaraztea eta gaurkotasunezko errealitate bati ikusgarritasuna ematea da ikus-entzunezkoaren xedea, “Gure aitita eta amamak ez dira inoiz kexatzen, asko jasaten dute eta, kasu askotan baldintza eta egoera oso gogorrei egin behar diete aurre. Eredugarria eta txalogarria da jokatzen duten papera”. Azken urteetan izandako hainbat esperientzien bilduma eta irakurketa egin dute, eta ekoizpen “hezitzaile, artistiko eta pedagogiko bat” osatu dute horiekin".
Abenduak 24, astelehena
16:30 Mari Domingirekin kantuz herri itzulia preso eta iheslarien eskubideen alde, frontoitik abiatuta. Handik Olentzerori ongi etorria egitera 18:00ak aldera.
Abenduak 31, astelehena
20:00 "Olatz, Patxi eta Xua Usurbilen Nahi Ditugu", euskal presoen eskubideen aldeko topa Dema plazan.
Urtarrilak 12, larunbata
Sare herri mugimenduak deituta, euskal presoen eskubideen aldeko manifestazioak Bilbon eta Baionan.