Mikel Laboa gogoan, sorkuntzak tarte berezia izan duen Harria Hitz bisita gidatuan

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 1a, 13:30

Mikel Laboa hil zela 10 urte gaur (abenduak 1). Urtemugak islada berezia izan du Usurbilgo Udalaren eskutik, tarteka herrian barrena egin ohi den Harria Hitz bisita gidatuan. Txokoaldeko Txalaparta Txokora eta Zumeta Arte Estudiora joan aurretik, Kaxkoan barrena dugun ondarean barrena ibilalditxoa egin du aurrez izena emana zen taldeak.

Bisitariek bi bidelagun berezi izan dituzte gaurkoan; ibilaldian zehar ikusten zihoazen kultur altxorrei (Udarregiren omenezko eskultura, Zumetaren murala, Mikel Laboaren omenezko plaza eta eskultura, Alejandro Tapiaren murala...) bertsoak botatzen aritu den Eli Pagola eta ikus zein entzundakotik marrazten aritu den Unai Gaztelumendi.

Bisita gidatuan zehar parte hartu dutenek, Mikel Laboa izan dute entzungai. Laboaren heriotzaren urtemuga egun guztietan egin izan duen moduan, 10. urteurren egun honetan ere, Usurbilgo Udalaren eskutik, Laboaren musika izango dugu entzungai larunbat osoan zehar, haren omeneko plazan.