Ez da ohiko astelehena gaurkoa. Udal zerbitzuetara hurbilduz gero, udal erregistroko sarrera itxita aurkituko duzue, baita Potxoeneko atea, edota Sutegi udal liburutegira igotzeko sarbidea ere. Oiardo Kiroldegia irekita bai, baina jai egunetako ordutegian da, goizez bakarrik zabalduko dute.
Abenduak 3 ditu gaur, Euskararen Eguna da, eta aurreko urteetan egin izan duen moduan, Usurbilgo Udalak jai eguna du gaurkoa.
Osteguna, lan eguna
Egutegi propioa izateko norabidean, modu honetan egituratu du aste hau Usurbilgo Udalak. Astelchen honetan ospatuko dugun Euskararen Nazioarteko Egunez jai egingo dute, eta Espainiako Konstituzioaren Egunean aldiz lan eguna izango dute. Honenbestez, abenduaren 3an udal zerbitzuak itxita izango dira, eta abenduaren 6an zabalik ohiko ostegun baten moduan.
Bi egunok aste berean egokitzen direnez, modu honetan lan egitea adostu du udal langileen gehiengoak. Hainbat urtez modu honetan funtzionatzen daramate. "Badira urte batzuk Usurbilgo Udaleko langileen gehiengoak, egutegi propioaren norabidean, abenduaren 3a jaiegun bihurtu zutela, eta, kontrara, abenduaren 6ean, jaiegun arrotza dela sinetsita eta Espainiako Konstituzioaren urteurrenean ezer ospatzeko ez dugula iritzita, lan egiten dutela", ohar bidez Udaletik aditzera eman dutenez.
Ondorioz, gaur, abenduaren 3an, astelehenetik igandera eskaintzen diren udal zerbitzuek, ohiko jai egunetako ordutegia izango dute; Oiardo Kiroldegiak esaterako. Astelehenetik ostiralera edo larunbatera eskaintzen direnek jai egingo dute. Abenduaren 6an udal zerbitzuak ohiko moduan eskainiko dira.