Adiorik ez Euskaraldiari

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 4a, 11:45

Euskara bihotzetik mingainera igaro, geure hizkuntz ohiturez hausnartu eta euskararekiko dugun jarreraz jabetzeko finkatuak genituen 11 egunak igaro dira. Amaitu da (edo ez) Euskaraldiaren baitan, Ahobizi eta Belarriprest guztioi egitea proposatu ziguten ariketa.

11 egunok abiapuntuan borobildu ditugu Usurbilen, frontoian, euskara omenduz, kantuan eta dantzan. Orbeldi Dantza Taldekoek Euskaraldiko abestiaren koreografia plazaratu zuten astelehen iluntzean. Aurretik, eta ondoren, Kantu Taldeak astelehenero Agerialdeko musika gelan egin ohi duen entsegu saioa alboratu eta kalera irten zen emanaldi irekia eskaintzera. 

Mikel Laboa plazako borobiltxoan ikusi genituen lehenik. Ezin egokiago, larunbatean bere heriotzaren 10. urtemuga bete berritan, Laboari abestuz hasi zuten, Jaione Eskuderok gidatu duen ekitaldia. Eta kantu gehiago etorri ziren gero. Guztietan, euskara goraipatuz, gorazarre eginez.

Frontoian ere eskaini zuten emanaldi laburra. Uxue Alberdik Euskaraldira begira sortu dituen koplak abestu zituzten.

11 egunok igaro ditugu, baina Euskaraldia Usurbilen sustatzen aritu den taldeak gogorarazi digun moduan, garrantzitsuena 12. egunarekin batera dator. Gaurtik aurrera alegia. Euskaraldiari adiorik ez beraz, hasi baino ez da egin.

https://youtu.be/3I8W_34b_Gk