Euskaraldiarekin bat egiten zuen ondoko atxikimendu argazkia aterata abiatu zuten azaroaren 22an, Usurbilen azkena izan daitekeen Mendi Astea. Azkena diogu, uda amaieran iragarri bezala, 2018rako iragarriak dituzten konpromisoak beteta, 2010. urteaz geroztik 8 urtez lanean jardun duen Andatza M.K.T.-ren zuzendaritza taldeko kideak mendizaleen bilgunea uztera baitoaz. Kide berriak taldera batzeko deialdia egina dute. Bilguneari segida ematea erabakitzen dutenek “erreleborako gaur eguneko zuzendaritza taldearen laguntza izango duzue”, adierazi dute Andatza M.K.T.-.tik.
Egunotan ospatu duten Mendi Asteko ekitaldiak borobiltzeko, proiekzio berri bat iragarri dute astearte honetarako (abenduak 4):
Abenduak 4, asteartea
19:00 ON Produkzioak eta Landarlan Ingurumen Elkarteak ekoitzitako “Aralar, mundua leku den lurra” proiekzioa Sutegin. Sarrera doan. “Aralarko ondare natural eta kulturalaren leiho izateaz haratago, hausnarketa eta gogoetarako bide ematen duen pelikula da. Adituen adierazpenek eta mundu oniriko bateko pasarteek, Nafarroa eta Gipuzkoaren mugan dagoen mendilerro honen balioa ezagutzera ematearekin batera, kontserbaziorako deia egiten dute”.
Informazio gehiago: andatza.com
Antolatzailea: Andatza M.K.T.