TaPuntuk Zubiaurrenea 6ko egoitza berria inauguratuko du gaur 18:30etan

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 5a, 06:31

NOAUA! Kultur Elkartearen egoitza aurrean, Zubiaurrenea 6ak bizilagun berriak ditu jada. Hernaniko egoitza utzi eta Usurbila etorri dira TaPuntu-ko kideak, iaz lokal komertzial hutsak biziberritzeko Usurbilgo Udalak plazaraturiko diru-laguntza deialdira aurkeztu eta laguntza jaso ostean. Inaugurazio festa irekia deitu dute asteazken honetarako (abenduak 5) 18:30etan. "Zatoz gure kabi berria ezagutzera", luzatu dute gonbita.

Usurbilen bidaia berria nobedade ugarirekin abiatu dutela nabarmentzen dute TaPuntutarrek, estreinatu berri duten web orrialdearen bidez.

"Gauza asko estreinatuko ditugu gaur: bulegoa, herria, ikusten ari zaren webgunea, hau janzten duen marka irudi berria, baina ginen berdinak gara. Bueno, duela egun gutxi ginen berdinak, baina 2015ean ginenak baino baten bat gehiago. Gure unibertsoa espantsioan ari da zabaltzen lurraldean zehar, baina baita sortzen ari garen harreman sareari dagokionean ere.

Oraino paretek berri usaina mantentzen duten honetan, beste hainbat bidelagun ditugu gogoan, TaPuntuk bere unibertsoa ulertzeko duen moduan mugarri izan direnak: eroso lan egiteko bulegoaren zimenduak Koop57-ri esker eta beraien babesa eman diguten lagunei esker finkatu ahal izan ditugu, egun lainotuetan Goiener-en energiak emango digu argia, … Eta bide honetan sakontzeko pausoak ematen jarraituko dugu, noski.

TaPunturen txori zenak beste kabi bat aukera zezakeen; kapitalean ziurrenik, punta puntako enpresen inguruan akaso, hornitzaile merkeagoekin agian. Baina, abentura honen hasieran esan genuen moduan:

Txoriek ez dute sekula jaio ziren tokia ahazten.

Ainhoa Iribar, TaPuntu kooperatibako kidea: “Guretzako bizi proiektu bat da”

TaPuntutarrek egoitza berria inauguratzear diren honetan, udan egitasmo honi buruz NOAUA!n argitara emandako elkarrizketa berreskuratu nahi izan dugu lerrootan. 

Nolatan zatozte Usurbila?

Ainhoa Iribar: Beterri-Buruntzako udalek ekintzailetza sustatzeko programa batean parte hartu genuen duela hiru urte. Enpresa sortzeko laguntza eskaini ziguten, formazioa eta aholkularitza eskaini ziguten. Hor ginela, Beterri-Buruntzako udalek Hernanin martxan jarri nahi zuten coworking espazio bat. Bulegoa behar genuen. Bertan sartu ginen eta jada hiru urte daramatzagu han. 3 kide ginen hasieran baina gaur egun sei gaude eta bulegoa txiki geratu zaigu. Bulego propio bat aurkitzekotan ginenean, Usurbilgo Udalaren diru-laguntza deialdiaren berri izan genuen. Horri esker Usurbilen lokal berriak aurkitzen hasi ginen. Ezustekoa izan genuen, lokal asko zeuden libre, baina gure beharretara egokitzen ziren askorik ez, Zubiaurrenea kalekoa aurkitu arte. Lokal hau primeran dago, erdigunean, eta guretzat estrategikoa da bertan kokatzea.

Zer da Tapuntu, zer eskainiko duzue?

TaPuntu marketing digitaleko aholkularitza eta garapena eskaintzen duen kooperatiba bat da, gehienbat enpresa txiki eta ertainei beraien nortasuna sareratzen laguntzen dion kooperatiba. Lau negozio lerro ditugu: marketing digital; diseinu grafiko eta multimedia zerbitzuak eskaintzen ditugu; formazioa ere bai. Formazio gune hori herrian zabaldu nahi dugu.

Zuena ekintzaile talde gisa definitu liteke?

Hiru bazkide hasi ginen. Norbere egoera pertsonal eta profesionala ikusita, neure bi bazkideek beraien artean proiektu bat martxan jartzea erabaki zuten. Zer zerbitzu eta zer produktu eskaini pentsatzen hasi ziren eta nirekin kontaktuan jarri ziren. Berez gu batukada talde batetik ezagutzen ginen. Hortik hasi ginen bilera ezberdinak egiten eta kasualitatez Ekofabrika programaren berri jaso genuen. Izena eman genuen askorik jakin gabe, baina hor asko lagundu ziguten gure proiektua martxan jartzen, baita gure proiektua ekonomia sozial eraldatzailearen oinarrietan finkatzen ere; talde bezala ze aurreikuspen gentuen, eta nola, zaindu taldea… Halako faktore ezbedinak aztertzen lagundu ziguten. Gustatzen zaigu argi uztea, pertsona erdigunean jartzen duen proiektu bat garatu dugula, ekonomia sozial eraldatzailearen baitan garatu dugun proiektu bat dela. Guretzako bizi proiektu bat da.

Zuen bizitzan jauzi handia suposatuko zuen, bizi proiektu honen aldeko apustua egiteak?

Guk ez genuen bakarrik buruan, enpresa bat sortu eta hortik bizitzea. Baita horri esker ere gure garapen pertsonala, gu ere profesionalki haztea, eta gizartean eragitea. Kooperatiba izatea erabaki genuen. Aisialdi talde ezberdinetan ibiliak gara, eta elkarte ezberdinetan, askotan, baliabide aldetik laguntza eta elkarlana lortzeko zailtasunak zituztela ikusten genuen. Gure prouiektua aurrera eramateko garaian elkarlanean oinarritzea erabaki genuen, beste batzuei laguntzea eta nolabait gizartean eta ingurunean eragitea. Gure lanaren bitartez, agian beste batzuei laguntzeko aukera genuela uste genuen.

Zuen esperientziak argi utzi du, ekintzaile izan eta bide bat egin litekeela.

Oro har, jendeari kontatzen diozu halako zerbait martxan jartzeko asmotan zabiltzala, eta mundu guztiak kontuz ibiltzeko esaten dizu, ez duzula laguntzarik izango. Nahiko mezu ezkorrak heldu zitzaizkigun. Baina guk taldea indartsu izan eta argi genuen baliabide guztiak bilatzen saiatuko ginela. Egia esan, eragile ezberdinetatik sorpresa positiboak izan genituen. Adibidez, Beterri-Buruntzako udalek emandako laguntza hori guretzat erabakiorra izan zen, gehienbat lokal edo bulego hori uzteko aukera eman zigutelako. Eta batez ere babesa. Gure proiektua aurrera eramateko kontuan hartzen ziguten, deitu egiten ziguten aurrekontu ezberdinak eskatuz eta eragileetatik babes hori nabaritu dugu eta eskertzekoa da.

Ibilbide horretan orain pauso berri bat emango duzue, Usurbilen egoitza propioa irekita. Entitate propio bat emango dio zuen egitasmoari.

Gure proiektuak bizirik egon behar duela pentsatzen dugu eta bizi horretan garapen bat eman behar duela. Hasiera batean babes hori izan genuen Hernaniko bulegoan, baina jada nabaritzen ari ginen guk ere pauso bat eman behar genuela eta lokal aldaketa hau guretzat erronka bat da. Azkenean ekonomikoki ere inbertsio bat suposatuko duelako, baina argi dugu ere gure egoitza sortuko dugula, gure nortasun propioarekin, balio eta egiteko moduekin. Horrekin ere ilusio asko dugu eta garrantzia handia eman diogu azken hilabeteotan. Pauso positiboa izango da guretzat. Eskerrak batez ere hasiera horretan babesa eman ziguten elkarte, erakunde, bezero, familia eta lagunei. Eta animatu jendea, proiektu berriak martxan jartzera.

Ekarpena denok egin dezakegu, gure balio, gaitasunetatik abiatuta ezta?

Oso positiboa da bakoitzak bere balioetatik sorturiko proiektu bat aurrera ematea eta horri eustea. Zaila da, baina aldi berean oso positiboa eta garapen pertsonalerako ere oso baliagarria da. Denok dugu zerbait eskaintzeko. Kexatu ordez aktibo bilakatu eta gauzak egiteko beste modu batzuk daudela erakutsi daiteke, bai zure buruari eta ingurukoei, inguruekontzat ere ona izango delako seguru.

Informazio gehiago:

-Ordutegia: 8:00-16:00.

-Telefonoa: 

(+34) 943 046 771

(+34) 691 166 409

WhatsApp arreta zerbitzua

Posta elektronikoa:

info@tapuntu.eus

Helbidea:

Zubiaurrenea 6. 20170 Usurbil (Gipuzkoa)

Web orrialdea:

tapuntu.eus