Durangoko Azokaren eskaintza zabalean ez galtzeko, Katalogo berria kalean

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 5a, 13:01

Datozen bost egunotan Durangoko Azokara joango denak Landakon aurkituko duen eskaintza zabalean gal ez dadin, edota batentzat baino gehiagorentzat opariak egiten hasten pentsatzeko garaia den honi begira, lagungarria suertatuko zaion katalogoa plazaratu dute Euskal Herriko 120 bat udal eta mankomunitateetako Euskara Zerbitzuk, tartean Usurbilgoak. 

Urte garai honetan plazaratzen duten Euskarazko Produktuen Katalagoaz ari gara. 20. ediziora heldu den paperezko euskarria egunotan banatu du Udalak ikastetxeetan. Hego Euskal Herrian guztira, 100.000 bat ale banatuko dituzte. "Ale bat eskuartean duenak, berehala ohartuko da bi azal dituela paperean editatzen den katalogoak: azal batek 12-16 urte bitarteko gazteentzat eskaintzen diren produktuei ematen die sarbidea, eta beste aldeko azalak 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuei eta gurasoentzako materialei. Horrela, bilaketa errazteaz gain, nortasun propioa ematen zaio adin tarte bakoitzari".

Berrikuntza bat ere badakar Katalogoak. "Gabonetarako opari gisa produktu bat aukeratu eta haren gainean jartzeko gometsak banatu dituzte txikienen artean". 

Paperezko edizioak, 0-16 urte arteko haur eta gazteei zuzendutako 6.000 produktuen hautaketa bat jasotzen du. Atalka daude banatuak: musika, DVD-filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala.

Katalogo osoa sarean

Aipatu moduan, euskarazko produktuen katalogo osoa, katalogoa.eus atarian aurkituko duzue. Katalogo eguneratua. "Durangoko Azokari begira argitaletxeek azkeneko orduan ateratzen dituzten berrikuntzak, epeengatik paperezko edizioan jaso ezin direnak, katalogoa.eus webgunean aurkituko ditu erabiltzaileak. Izan ere, katalogoa.eus urte osoan berritzen doan webgunea baita, nobedadeak sartuz, deskatalogatu diren produktuak kenduz eta, beraz, etengabe hazten ari da jasotako erreferentzien kopurua. Dagoeneko 6.000 produktu inguru biltzen ditu 2 atal nagusien artean". 

Produktu guztiok erraz aurkitu ahalko dituzue. "Bilaketa aurreratua" atalaren bidez, "bilaketa hainbat parametro elkarren artean konbinatuz ere egin daiteke, konparaziora: produktu mota, prezioa eta argitaratze urtea bilatuz; edota argitaletxea, produktu mota eta adina; eta horrela nahi beste konbinazio".

Produktu bakoitzaren fitxan, datu garrantzitsuenak aurkituko ditu, eta produktu bakoitza non eskuratu ahalko duen jakiteko aukera izango du. Baita "intereseko web orrien loturak, kultura eta aisialdirako agenden loturak, eta Facebook eta Twitter sare sozialen bitartez jarraipena egiteko aukera. Era berean, webgunetik aldian-aldian argitaratzen diren nobedadeen erreferentziak jasotzen dituen buletin elektronikora harpidetzeko formularioa eskaintzen du eta baita paperezko bertsioaren pdf-a deskargatzeko manera ere".  

Egunotan eta asteotan, euskara oparitzeko aitzakia faltarik ez dugu beraz.

Informazio gehiago: katalogoa.eus