Usurbilgo Kantu Taldea ezaguna egingo zaigu nazioartean. Helburu horrekin, bertsolaritza nazioartean ezagutzera emateko asmoz ekoitzi eta plazaratu berri baitute Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak, Laboral Kutxaren babesarekin, jada Youtuben ikusgai duzuen "What is bertsolaritza?" ikus-entzunezkoa. 21 minutuko bideoa ikusten hasiz gero, erdibidera, 10. minutura heltzean aurpegi ezagun bat baino gehiago aurkituko duzue. Herrian eginiko kantu-jira bateko irudiak, Usurbilgo Kantu Taldekoak bildu baititu aipatu dokumentalak.
"Bertsolaritzaren testuingurua azaldu eta bere deskribapena egiteaz gainera, bertsoaren sormen prozesua bera ere azaltzen du ekoizpenak". Kontakizuna ingelesez egiten duen dokumentalak, euskarazko azpitituluak ditu. "Lana egiteko ideia 2017. urtean sortu zen, Etxepare Euskal Institutuaren eta Mintzola Ahozko Lantegiaren ekimenez, Bertsolari Txapelketa Nagusia martxan zela".
Dokumentala Bertsozale Elkarteko ikus-entzunezko lantaldeak zuzendu eta ekoitzi du, Xabi Payak landutako gidoian oinarrituta. Ekoitzi ingelesez aipatu moduan, baina euskara, gaztelera eta frantsesezko azpitituluak jarri dizkiote.
"Dokumentalak bertsolaritzaren testuingurua, sormen-prozesua eta gaur egungo egoera kontatzen ditu. Alde batetik, Bertsolari Txapelketa Nagusia baliatuz, Euskal Herri mailan bertsolaritzak duen oihartzuna erakusten da eta, aldi berean, Europan eta munduan kokatuz, atzerriko ikertzaileek eta inprobisatzaileek bertsolaritzari buruz duten ikuspuntua ezagutarazten da. Horrez gain, bertsolaritzak garaikide izaten jarraitzeko eman dituen pausoak azaltzen dira: belaunaldiartekotasuna eta emakume bertsolarien ekarpena, besteak beste. Azkenik, bertsolaritzaren mugimenduaren errepaso azkar bat egiten da: herriz herriko bertso plazak, bertso eskolak, bertsolariak edota Bertsozale Elkartea. Hau guztiaz gain, bertsoaldi batzuk ere baliatu dira adibide moduan, bertsolaritzaren berri ez dutenek oinarrizko ezagutza bat izan dezaten".
Informazio gehiago: