"Herri Txiki, Infernu Handi" saioak Aginagan eginiko grabazioen proiekzioa abenduaren 14an

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 6a, 08:15

100 atal bete berri dituen Euskal Telebistako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak 2019an zehar eskainiko dituen programak grabatzen segitzen du. Azaroa amaieran Aginagan izan ziren Mikel Pagadi, Zuhaitz Gurrutxaga eta igande gaueko 22:00etan ETB-1-ean eskaintzen duten saioko lan taldea, hainbat aginagarren hitzak eta irudiak biltzen. 

Egunotako grabazioak bideo batean bildu eta abenduaren 14an proiektatuko dituzte iluntzeko 20:00etan hasita, Aginagako Elizan. Horrekin batera, Zuhaitz Gurrutxagaren eta Mikel Pagadiren bakarrizketa saioez gozatu ahalko da. Sebastian Lizaso bertsolaria bertsotan entzungo dugu. Egunotan eta abenduaren 14an bildutako irudi eta ahotsak aurrerago eskainiko ditu Euskal Telebistak.