Euskal Errepublika aldarrikatzeko deia egin du gaurko EHBilduk

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 6a, 08:57

Espainiako Konstituzioak 40 urte beteko dituen ostegun honetan, abenduaren 6an, jai eguna izango ez dela eta inposatutako jai egun hau aldarrikapen egun bihurtzeko deia egin du EHBilduk. Manifestazioa deitu dute Bilbon, ostegun eguerdiko 12:00etan abiatuko da Eliptika plazatik. "Eskualdetik autobusa antolatu da, eta, beraz, ohiko lekuetan duzue izena emateko aukera. Ordutegia zehaztuko da izen ematearen arabera", ohartarazi du Usurbilgo EHBilduk, hitzordu honen harira NOAUA!ra helarazi duen idatzi honetan.

Abenduaren 6an, Euskal Errepublika aldarrikatzera!

EH Bildurentzat hurrengo abenduaren 6a ez da jaieguna izango, eta inposatutako jaiegun hori aldarrikapen egun bihurtzeko deia egin nahi diegu herri honetako subiranistei. Hala, abenduaren 6an, Espainiako Konstituzioaren 40. urteurrenean, hitzordua finkatu dugu: eguerdiko 12:00etan Bilbon, Plaza Eliptikan.

40 urte joan dira Espainiako Konstituzioa onartu eta indarrean jarri zutenetik eta gogorarazi behar dugu Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan ez zuela behar besteko onarpenik izan konstituzio horrek. Izan ere, duela 40 urteko euskal jendarteak argi eta garbi adierazi zuen Espainiako Konstituzioa ez dela berea. Argi esan zuen ez zuela bere egin nahi 78ko Erregimena egonkortzea helburu baino ez zeukan konstituzioa, aurreko erregimenaren aurpegi garbiketa baino ez zelako.

40 urte joan dira orduz geroztik, eta 78ko Erregimenak -eta beraz, Espainiako Konstituzioak- konpontzeke utzi zituen arazo politikoak kalean eta instituzioetan jarraitzen dute. Horren lekuko da, esate baterako, hautetsontziak jarri eta herritarrei beren etorkizun politikoaren jabe izan eta Kataluniako Errepublika sortu nahi ote duten galdetzeagatik Espainiako Estatua herri katalanari ematen ari zaion neurrigabeko erantzun basatia.

Euskal Herrian ere milaka eta milaka gara geure etorkizuna erabakitzeko eskubide demokratikoa daukagula uste dugunak. Gehiengo politiko eta sozial hori behin baino gehiagotan agertu da azken urteotan, besteak beste, Gure Esku Dagok deitutako mobilizazio erraldoietan edota herri-galdeketetan. Hain zuzen, baldintza eta egoera politiko eta sozial guztiek ekarri dute 78an aurpegi garbiketa behar zutela erabaki zuten indar politikoek orain mozorro guztiak kentzea eta eskura dituzten baliabide eta tresna guztiekin beren erregimena defendatzea, hau da, Espainiaren batasun hautsezina defendatzea.

Atzeraldi demokratiko nabarmenean murgilduta dago Espainiako Estatua. Horregatik, gure ustez, herri honetako zein Espainiako Estatuko subiranista guztiok elkar hartuta eta partekatutako estrategiarekin jokatzera behartzen gaitu egoera politiko honek. Hau da, datorkigunaren aurrean, gure herrian zein aske eta burujabe izan nahi duten Espainiako Estatuko gainerako herrietan elkar hartuta, ausardia politikoarekin eta herri eta etorkizun ikuspegiarekin jokatzera behartuta gaude.

Horregatik, gure herriari Espainiako Konstituzioa inposatu ziotenetik 40 urte betetzen direnean, Espainiako Konstituzioa gure herriaren askatasun nahiak lotzeko giltzarrapoa baino ez dela sinesten duten euskal herritarrei Bilboko kaleetara ateratzeko gonbita egiten die EH Bilduk. Herri honen erabakitzeko eskubidearen eta bere egikaritzearen alde dagoen gehiengo politiko eta soziala da giltzarrapo hori irekitzeko gai den giltza bakarra. Euskal Errepublika libre eta duinean bizi nahi duten euskal herritar guztiok hitzordu garrantzitsua dugu abenduaren 6ko eguerdian, Bilboko plaza eliptikoan

Argi utz diezaiogun munduari Euskal Herriak ez duela ezer ospatzeko eta bai asko irabazteko, hau da, herria askea, herri burujabea eta herri justua.

Eskualdetik autobusa antolatu da, eta, beraz, ohiko lekuetan duzue izena emateko aukera. Ordutegia zehaztuko da izen ematearen arabera.

Usurbilgo EHBildu