Usurbilgo Udalak lan eguna du gaur

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 6a, 08:50

Ez zuten ohiko astelehena izan abenduaren 3an; Euskararen Egunez jai egun zuten Usurbilgo Udalean. Eta ez dute ohiko osteguna gaur (abenduak 6) bertan. Egutegi askotan gorriz ageri zaigu gaurko eguna, jai egun gisa, baina ospatzeko ezer ez dutela eta, zabalik eta ohiko ostegunetan bezala lanean jardungo dute udal zerbitzuek.

Egutegi propioa izateko norabidean, Euskararen Nazioarteko Egunez jai egin zuten, eta Espainiako Konstituzioaren Egun honetan aldiz lan eguna izango dute. Hainbat urtez modu honetan funtzionatzen daramate. "Badira urte batzuk Usurbilgo Udaleko langileen gehiengoak, egutegi propioaren norabidean, abenduaren 3a jaiegun bihurtu zutela, eta, kontrara, abenduaren 6ean, jaiegun arrotza dela sinetsita eta Espainiako Konstituzioaren urteurrenean ezer ospatzeko ez dugula iritzita, lan egiten dutela", ohar bidez Udaletik aditzera eman dutenez.