Usurbilek 53. Durangoko Azokan egoten segiko du asteburuan

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 7a, 11:52

53. Durangoko Azokak Usurbilgo kutsua du aurten ere. Bai Landakoko salmenta postuetan, baita azokaren testuinguruan antolatu diren ekitaldietan ere. Ostegunean, Ugatz Agirrek bere estreinako lan "Tximeletak bizkarrean" aurkeztu zuen, Jakoba Errekondo eta Antton Olariaga "Landareak Lantzen" 2019ko agenda-liburua sinatzen aritu ziren. Errekondo bueltan izango da larunbatean Durangon. Ilargiaren Egutegi arrakastatsuari buruzko aurkezpena egin eta kontsultategia izango du zabalik Landakon.

Azkenik, Yolanda Arrietak Bizenta Txiki eta Mari Xor liburuen kontaketa egin zuen ostegunean Landakon. Ez ahaztu, Arrietak bere lan berriak, "Kuttun-kuttunak", "Bizenta-Txiki" eta "MariXor", aurkeztuko dituela jendaurrean abenduaren 12an 18:00etan Sutegi udal liburutegian.

Asteburuan ere Usurbilek Durangoko Azokan egoten segiko du. Orbeldi D.T. partaide zuen "Dantza" eta inguruotan grabaturiko "Oreina" filmen inguruko ekitaldi ezberdinak programatu dituzte. Eta salmenta postuetan, usurbildarren hainbat produktu aurkituko dituzue. Egunotan, ekitaldietan parte hartu duten herritarren lanez gain, zenbait Kabieneko kiderenak. "Durangoko Azokan, Kabieneko uzta eskuratzeko aukera! Yolanda Arrietaren "Mari Xor", "Klasikoak Gaur: Mari Xor" eta "Bizenta txiki" liburuak; Thierry Biscaryren "Manez eta Kobreak" diska; eta Joseba Larratxek ilustratutako "Eskularru Beltzak"".

https://twitter.com/kabieneusurbil/status/1070984953708642309

GuraSOS

Landako inguruan, Andra Mari elizarenpean GuraSOS-eko kideak aurkituko dituzue, babes-kutxak saltzen. Gogoan izango duzue urriaren 7an, etorkizuna kolore biziz margotu eta idaztera gonbidatu zituen GuraSOSek haur eta gaztetxoak Usurbilgo frontoian. Igande goiz hartako ekimeneko marrazki eta hitzekin apaindutako babes kutxak, 10 eurotan salgai jarri ditu GuraSOS-ek.

Usurbilen saltokiotan eskura ditzakezue: Lizardi, Laurok, Otargoxo, Kaffa, Txalaka, Iturralde botika, Alkartasuna, Iratze naturtenda, Ines ileapaindegia, Intza ileapaindegia. Eta egunotan, gaurtik (abenduaren 6tik) igandera (abenduaren 9ra), 53. Durangoko Azokan; Andra Mari elizapean aurkituko duzue GuraSOS-en postua.

53. DURANGOKO AZOKA

Abenduak 7, ostirala

Irudienea

11:30-12:30 Askekintzaren “Gurean” dokumentala. “Jaietan animaliek jasaten duten "zapalkuntza" jaso du Askekintzak dokumentalean. Animaliekiko harremanari buruzko hausnarketa hauspotzea du helburu. Horretarako, Euskal Herriko hainbat jaietan irudiak bildu dituzte, eta jai horietan animaliak nola erabiltzen diren gertutik erakutsi nahi izan diote ikusleari”. Tartean, Usurbilgo jaietako irudiak ageri dira.

18:00-18:45 Aginagan eta Usurbilen grabatutako “Oreina “filmean oinarritutako 3 laburmetrai.

Abenduak 8, larunbata

Areto Nagusian:

15:00-15:30 “Dantza” filmaren inguruko mahai-ingurua. Hizlariak: Telmo Esnal eta Juan Antonio Urbeltz. Gogoan izan, Orbeldi D.T.-k parte hartu zuela filmaren grabazioetan.

16:00-16:30 Ilargiaren Egutegi arrakastatsuari buruzko aurkezpena eta kontsultategia. “Jakoba Errekondoren eskutik baratzea, fruitu arbolak eta basoko lanak. Pello Zabalak aukeratutako esaerak. Xabier Akizuk ilargiaren eraginaren saioak eta “Ilargiari begira”. Maria Thunen egutegi biodinamikoarekin osatua”.

Irudienea

19:00-19:45 “Dantza” dokumentalean oinarritutako dokumental sail baten lehen atalaren aurkezpena.

Informazio gehiago: durangokoazoka.eus