Andatza M.K.T. desegin da, Usurbil mendizaleen bilgunerik gabe geratu da. Egungo zuzendaritzak 8 urteko ibilbidea osatu eta 2018rako iragarriak zituzten konpromisoak beteta, bilgunea utziko zuela iragarri zuen uda amaieran. Erreleborako deia egin zieten Usurbilgo herritarrei. Lekukoa hartuko duen inor ez da aurkeztu ez denez, Mendi Astearekin borobildu dute 8 urteotako jarduna.
Erreleborako deia egin zutenean, uda amaieran elkarrizketatu zituen NOAUA!-k Andatza M.K.T.-ren kudeatzaileak.
Aurreko taldea errelebatuz hasi eta erreleborako deia eginez amaitutzat eman duzue ibilbidea.
Andatza M.K.T.: Aurreko taldeak utzi egiten zuela eta, koadrilan taldean sartzera animatu ginen 2010ean. Hasiera batean zortzi ginen, pixkanaka gutxitzen joan da taldea. Lau kide geratu gara eta dinamika hori eramatea zaila da. Azken bi urteotan mezuak bidali dizkiegu Andatzak dituen 160 bazkideei, baten bat Andatzan sartzen joan zedin, errelebatzen joateko. Inor ez da aurkeztu ordea.
Andatzak zer eman dizue?
Jende ezezagun, herritar askorekin harremantzea. Irteeretan jendearen poz hori ikusteak norbera ere asebetetzen du.
Balantzea egiten hasita, zortzi urteok gehiago izan dute gazitik edo gozotik?
Gozotik gehiago. Hemengo jardunak asebetetzen du. Jendearekin harremandu, toki berriak ezagutu… Irteeretara datorren jendeak oso gustura parte hartzen du. Oso pozik, inongo arazorik ez dugu izan inoiz. Laguntasun handia izan dugu beti.
Euskal Herria alderik alde ezagutzeko aukera izan duzue urteotan.
Nafarroara, Errioxa aldera, Pirinioetara, Iparraldera urtero irteera bat egin dugu. Azken lau urteotan Herri Urratsera joateko txangoa klasikoan bilakatu da. Ibilbide berriak ezagutu ditugu. Antolatutako irteera batera joatea errazagoa da, bitarteko gehiago dituzu, bazkariak batzuetan tokira ailegatuta mendiko jatetxeetan, joan etorrirako garraio zerbitzua...
Nolatan eman zenuten Andatzan sartzeko urratsa?
Koadrilan elkarrekin mendira joaten ginen. Andatza taldea bertan behera geratuko zela jakin genuenean, geronek sartzea erabaki genuen. 2010eko Mendi Astea antolatuz hasi ginen. Ilusioz sartu ginen eta urteotan oso gustura aritu gara. Guztira 82 irteera antolatu ditugu, 6 Pirinioetan. Mendian ibiltzeko ohitura gutxi zutenek, kanproiak inoiz jantzi gabekoak, Gavarnie nola igo ziren ikustea polita izan zen. Haien zoriontasun eta poza ikusteak asko asebetetzen zuen. Perdidora Usurbilgo oso talde handia joan ginen, 40 lagun. Eta denok goraino igo ginen, oso ondo. Mendi Asteetara jende garrantzitsua etorri izan da: Felipe Uriarte, Oskar Porras, Josu Bereziartua, Kepa Lizarraga, Uxue Berridi (Marimendi taldekoa), Alex Txikon, Xabi Herrero, Joxe Mari Azpiazu, Axier Izagirre, Mikel Noes, Pablo Landaluze… Urtero egiten genituen irteeretako bideoen proiekzioak…
Erreleboa zer moduz gauzatu zenuten?
Hasieran ilusio edo gogo gehiagorekin ginen. Ardurak banatuagoak zeuden. Beti bik hartzen zituzten ardurak, txandakatzen joaten ginen, eta besteak lasaiago ibiltzen ziren. Orain gutxiago izanik, nahita nahiz irteera guztietara joatera derrigortuak gaude. Azken etapa zailagoa izan da.
Lotura handiagoa beraz.
Gainera, duela urte batzuk jendearen erantzuna hobeagoa zen. Azken urteotan jende oso gutxik parte hartu du. Bestalde, Federaziotik aholkatu izan digute beti, seguruak, ardurak, oso zorrotz betetzea. Halakorik ez dugu izan baina demagun istripu bat egon dela, nork babesten gaitu gu? Seguruekin zalantzak daude, ze estaldura eskaintzen duten.
Urteotako irteeretako argazkietan herritar anitz ikusi ditugu. Bat baino gehiago mendizaletasunak batu ditu?
Bai. Eta orain jende gaztea sartzen bada, mendi taldeari beste dinamika batean murgildu dezakete, beste ikastaro eta mendi irteera ezberdinak antola ditzake, eskalada, eskia...
Norbere zaletasunetik abiatuta, mendizaletasunaren baitan alor asko jorratu daitezke.
Guk ukitu ez ditugun alor asko daude.
Zer galduko du herriak Andatza M.K.T. desegiten bada?
Guk utzi eta inork ez badu hartzen, arazo gehien, mendian ibiltzen segi nahi duen gure adineko jendeari edo zahartxogoari sortuko zaio. Gaur egun gazteak mendira bere kabuz joaten dira, asko bizikleta gainean edo korrika. Mendian ibiltzeko modua erabat aldatu da. Orain, mendian ibiltzea gehiago erronka gisa ikusten da, korrika egiteko pista moduan, oinez ibiliz inguru berriak ikusi eta gozatzeko gune bezala baino.
Historia eta ibilbide luzeko taldea gal daiteke zuekin.
Garai batean Bordatxo zen, aspaldi, gero Andatza bihurtu zen. Hor eten bat izan zen.
Inor animatuko balitz, Andatza kudeatzeak zer lan eskatzen du?
Talde lana. Ordenagailua ondo maneiatuko duen pertsona bat. Lan asko federazio fitxak egitea baita, dirua jaso. Bestetik, taldeari eta bere ekintzei buruzko informazioa zabaldu, web orria kudeatu… Bestalde, hilero irteera bat antolatzen da. Ardurak taldean banatuta, txandatu daitezke. Interesa duenak, koadrilan hartuz gero errazagoa izango zaio. Gu bezala, koadrilan, zortzi bildu ginen eta errazagoa da.
Argazkia: Andatza M.K.T.