San Tomas Azokako egitaraua prest

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 10a, 10:22

Badator neguko oporraldiaren atariko San Tomas Azoka. Sei egun barru, abenduaren 16an ospatuko dugu giro ezinhobean frontoian. Festa giro ederrerako behar beste osagai izango ditu hitzorduak; herriko ekoizle eta eragile hainbaten postuak, hamaiketako gozoa egiteko gaztaingile eta talogileak, Usurbilgo baserrietako sagardoa dastatzeko aukera...

Ixabel Agirresarobek 4-10 urte arteko gaztetxoentzako ipuin kontaketa saioa eskainiko du. Bitartean, urteko azken irteera egingo du Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak. Kalejira udaletxe ondoan duten lokaletik abiatu eta frontoian amaituko da 13:15 aldera. Une horretan hasiko da azokako amaiera ekitaldia; Nafartarren Xiberoko elkartasun kanpainaren amaierarekin. Babarrun eta sagardo txapelketako sariak banatuko ditugu, eta NOAUA!ren fotokolean parte hartzen duzuenon artean, Xiberoko eta Nafarroa hegoaldeko produktu otar bana zozketatuko dugu.

Ez ahaztu baserritar jantziekin festara plazaratzea!

SAN TOMAS AZOKA

Abenduak 16, igandea

Goizean zehar, postuak, musika, hamaiketakoa, babarrun eta sagardo txapelketen epaimahaia baloratze lanetan, Ixabel Agirresarobe aurkezle lanetan.

12:00 Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera udaletxe ondoko lokaletik, herrian barrena.

12:30 Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa 4-10 urte arteko haurrentzat Sutegiko erakusketa aretoan.

13:15 aldera, erraldoi eta buruhandien konpartsa frontoira helduko da.

Ondoren:

-Nafartarrak taldearen Xiberoko ikastolak eta euskara laguntzeko eginiko elkartasun kanpainaren amaiera ekitaldia.

-Babarrun eta sagardo txapelketen sari banaketa.

-Nafarroa hegoaldeko eta xiberotarren produktuez hornituriko otarren zozketa, NOAUA!ren fotokolean parte hartu dutenen artean.

Antolatzaileak: NOAUA! K.E. eta Sagardo Egunaren Lagunak.