Yolanda Arrietaren lan berrienen aurkezpena gaur Sutegi udal liburutegian

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 12a, 08:34

"Kuttun-kuttunak", "Bizenta-Txiki" eta "MariXor" bere azken lanak aurkeztuko ditu Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak asteazken honetan, abenduaren 12an, arratsaldeko 18:00etan hasita Sutegi udal liburutegian.

Bizenta Mogel eta Mari Xor

Arrietak 53. Durangoko Azokan egin zuen bere lanen kontakizuna joan den astean. Urtea proiektu gehiagoren lanketan borobilduko duen arren, lehendik idatziak zituen hiru lan plazaratu ditu Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak Denonartean argitaletxearekin, agortzear dugun 2018. urte honetan: “Mari Xor” ipuin klasikoaren inguruko bilduma, “Klasikoak gaur: Mari Xor” saiakera liburua eta “Bizenta Txiki” haurrentzako ipuina.

“Bizenta Txiki”-k, Bizenta Mogelen biografia txiki bat biltzen du. “Ezagutzen dugun lehen euskal emakume idazlea da Bizenta Mogel. Hori jakin egin behar dute umeek”, adierazi zion NOAUA!ri azaroan, Yolanda Arrietak. “Mari Xor” ipuin klasikoaren inguruko bildumaz zioenez, “ipuina aspaldikoa izanik ere, gauza asko gaur egun planteatu eta proposatu daitezke: elkarren premia, norberaren burua ezagutzeko premia... Eta bide horretan gertatzen diren gauzak”. Azkenik, Mari Xorren inguruko saiakera liburuan, “Eskolan egindako azterketak batu nituen Gatzaren atzetik Mari Xor liburuan. Txukundu, besterik gabe. Hura hartu eta garatu egin dut orain. Saiakera berrian, ipuina gaurko gaiekin lotzen ahalegindu naiz”.

Usurbilg0 2018ko uzta

Datozen asteotan opariren bat egitekotan zaretenok kontuan izan; Usurbil eta Usurbilgo sortze lanak ere oparitu ditzakezue. Gerturatu Sutegiko erakustaretora eta bertan izango duzue ikusgai 2018ko Usurbilgo sormen eta sortzaileen uta; tartean Yolanda Arrietaren azken lanak. Bilduma osoa, aipatu moduan, kultur etxeko erakustaretoan izango duzue ikusgai udal liburutegiaren eta NOAUA! K.E.-ren eskutik, abenduaren 14tik urtarrilaren 7ra. Eta eskuragarri, liburutegian bertan edota Lizardi zein Laurok liburu dendetan.