Olentzeroren abenduaren 24ko ongi etorri jaialdirako galtzagorriak behar dira

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 11a, 09:51

Iaz bezala, dagoeneko Olentzerori ongi etorri jaialdia prestatzen ari dira Usurbilen abenduaren 24rako. Adi, Olentzeroren bidelagunak izan nahi dutenek. Galtzagorriak behar dituzte, gehienez 40 lagun, hilaren 24an egingo den kalejirarako. Deialdia, LH2-ko gaztetxoei zuzendua dago. Abenduaren 24an 18:00etan Kalezarretik barrena abiatuko den kalejiran parte hartu nahi duzuenok izena eman hilaren 17an Lizardi liburu dendan. Izena emandakoak 40 lagun baino gehiago badira, zozketa egingo da. Hautaturikoentzat, hilaren 19an Potxoenean egingo da arropa banaketa arratsaldeko 19:30etan.

Arrakastatsua iaz

Olentzerori lotutako ospakizunari bere lekua eman nahi zioten abenduaren 24an. Ekimen berriak begi bistako arrakasta izan zuen joan den urtean. Eskuzabalik hartu zuten, Harane aldetik idi-gurdian jaitsi den ikazkina. Merezitako ongi etorria eman zioten. Lagun mordoak inguratua egin zuen plazarainoko bidea; galtzagorriak, trikitilariak, txalapartariak, adar joleak... eta herritar ugari bidelagun zituela.

Falta direnak gogoan hartuta, hurrengo urtean berriz denok bueltan hortxe egoteko desioa plazaratu zuen, Olentzeroren laguntzaileek arratsalde partean biltzen aritu ziren gutunak jasotzearekin batera. Suaren bueltan, dantzan amaitu zuten jaialdia.