Neguko oporraldiko jai egunak tarteko, abenduko udalbatzaren osoko bilkura ohi baino lehenago deituko du Usurbilgo Udalak. Azken astearterako ez, hilaren 20ko (osteguna) baizik, 18:00etan pleno aretoan. Urteko azken saioan, 2019rako udal aurrekontuen gaia hartuko dute ahotan udal taldeek.
Gogoan izan, auzoz auzo edo sektoreka ere aurkeztu du udal gobernu taldeak, 2019rako aurrekontuen zirriborroa. Iragarri duenez, guztira 12.055.173 euro izango ditu udalerri honek urte berriko erronkei heltzeko, iaz baino 700.000 euro gehiago, Udaletik zehaztu dutenez, “nagusiki, bi arrazoiengatik: batetik, urbanizazio berriak sortuko dira; eta, bestetik, Diputazioak udaletara bideratzen duen foru-funtsa handitu egin da”. Ondorioz, inbertsioetarako diru kopurua ere handitu egingo da, iazkoarekin alderatuta, 300.000 euro gehiago, guztira 1.730.887 euro izango ditu udalerri honek inbertsioetarako.
Nabarmentzekoen artean, herritarrekin eginiko parte hartze prozesutik eratorritako inbertsioak: Aginagan Elutxetik herrigunera joateko bidea egin eta erriberako (Eizazpi-Origain artean) bidearen txukunketa; Pikaola eta Harane artean espaloia eraikitzea; Ugartondoren urbanizazioa, eta tartean, Haur Eskolara igotzeko bidearen konponketa; Santuenean, auzoa eta ibaia lotzeko lur erosketa eta bidea egitea; Zumartegiko ibaiertza txukuntzea; Kalezarko Pelaioenearen egitura eta teilatua birgaitzea; ur sarean eta sisteman hobekuntzak; herri-konposta martxan jartzea, Usurbil 0.0 plangintzaren baitan; Oiardo Kiroldegiko futbol zelaia berritzea…
Inbertsio hauei, udalak banatuko dituen diru-laguntzak erantsi behar. Guztira 800.000 euro banatuko dituzte laguntzetan.
Udal aurrekontuen hasierako onarpena
Hilabeteko azken asteartea (abenduak 25) jai eguna dugula kontuan izanik, egun horretan ez da noski udalbatzarraren osoko bilkurarik izango. Urteko azken saioa aurreratu egingo dute. Aldaketarik ez bada, hilaren 20ra, ohiko ordu eta tokian; 18:00etan hasita pleno aretoan. 2018rako udal aurrekontuen gai eramango dute hitzordu honetara. Hasieraz onartu edo ez bozkatu beharko dute udal ordezkariek. Gogoan izan, azken asteotan auzoz auzo aurkeztu eta herritar zein eragile eta udal taldeen ekarpenak biltzen aritu dela udal gobernu taldea.