Auzoka eta sektoreka aurkeztu du azken asteotan udal gobernu taldeak 2019rako udal aurrekotuen zirriborroa. Saio guztiotan herritar nahiz eragileen ekarpenak biltzen aritu da. Udal barruan ere oposizioko kideek ekarpenak egiteko tartea zabalik izan dute. Gero horiek denak Ogasun Batzordean aurkeztu zituzten. EAJ-k ohar bidez berri eman duenez, lau proposamen aurkeztu eta defendatu zituen saio hartan. “Usurbilgo sarrera berrantolatzea, kirol instalazio estalia gauzatzea, Kalezar auzoko errepidearen zatia urbanizatzea eta ikastetxe publikorako zorua bideratzea”, jeltzaleek ohar bidez zehaztu dutenez.
Ekarpenok udal gobernu taldeak aurkezturiko aurrekontuen zirriborroa aberastea dute helburu, eta ekarpenok “onartuko balira, gure aldeko botoa emango genieke, sinesten baitugu usurbildar guztion bizi kalitatea hobetzeko izango direla”.
Biribilgunea Usurbilgo sarbiderako
Lau proposamenon xehetasunak plazaratu ditu EAJ-k ohar berean. N-634 errepideko sarbideari dagokionez, EAJ-ren esanetan Donostia aldeko sarbidea ez da egokia eta hobekuntza nabaria eskatzen du. “Biribilgune baten bidez trafikoaren abiadura murriztuko litzateke eta Atallu industrialdera bizikletaz zein oinez joateko bidea gauzatu daiteke. Horretarako, aurrekontuetan proiektua idazteko partida bat jasotzea proposatzen dugu”.
Kirol instalakuntza estalia eraikitzea ere proposatzen dute jeltzaleek, Oiardo Kiroldegia txiki geratu eta kirol jarduera ezberdinetan aritzeko txanda eskatu behar dela ohartarazita. “Egoera honen berri denok gara jakitun baina azken lau urte hauetan udal gobernuaren aldetik ez da ezer proposatu. Horregatik beharrezkoa iruditzen zaigu lehentasuna ematea behar bezalako instalakuntza estali bat eraikitzeari kirolak zein aisialdiko soinketa egiteko. Lehen urratsa, aurrekontuetan proiektua idazteko kopuru bat jartzea litzateke, tokiak proposatzea, hala nola futbol zelai txiki pareko enparantza borobilean edota ikastola aurreko Gernika ibilbideko eremu zabalean eta jarraian beste erakundeen laguntza lortzea”.
Ikastetxe publikorako lurzorua
Haur Eskola eta Eguneko Zentroaren parean etorkizunean eraiki asmo dagoen adinekoen egoitza aldera doan Kalezarreko errepidea urbanizatu eta argiztatzea ezinbestekotzat jotzen du EAJ-k, joan etorriak erosoagoak eta seguruagoak izan daitezen. Proposamen honek aurrekontuetan islada izatea galdegiten dute.
Azkenik, ikastetxe publikoa eraikitzeko zorua jartzea defendatzen dute. “Jakitun gara guztiok aukeratzen ditugun eta ordekatzen gaituzten erakunde publikoen lehentasuna osasun eta hezkuntza sare publikoa bermatzea dela eta horrexegatik ulergaitza egiten zaigu gure herriak ikastetxe publikorik ez izatea. Gaur egun dagoen bakarra ikastola elkarteko ikastola da. Ildo horretan aurrekontuetan islatu nahi dugu hutsune hori eta udal gobernuari exijitzen diogu dakiokeen erantzuna emateko (lurzorua eskuratuz, eremua hiriztatuz…) partida bat jasotzea aurrekontu hauetan”.