Amaitzear den Hitzartu prozesuaren baitan herritarren epaimahaiek ondorioztatu dutenaren jakitun zen Gipuzkoako Foru Aldundia duela 16 urtetik, GuraSOS-ek berri eman duenez. 2002ko azaroa amaieran, Gipuzkoako hondakinen etorkizunaren inguruko tailerra antolatu zuen EAJ eta EA agintean zituen Diputazioak EHU-ren Ibaetako kanpusean. Bertan bildutakoek, hondakinen kudeaketari zegokionean, Gipuzkoa 2016an nola aurreikusten zuten eztabaidatu ahal izan zuten. Hainbat ondorio atera zituzten eragile ekonomiko, aditu, elkarte zibiko eta herritarrez osaturiko interes taldeak deiturikoek.
GuraSOSetik adierazi dutenez, “orain ulertzen dugu zergatik ez ziren publiko egin garai hartan, eta 2016ko uztailean, erraustegia kontratatzeko prozedurak hasi aurretik, herritarren parte-hartzearen prozesua burutzeko egin genuen eskaera ere zergatik ukatu zen”. Are gehiago, gaineratzen dutenez, “orduan jasotako eta orain Herritarren Epaimahaiak berretsitako irizpide bakar bat ere ez da errespetatu proiektuaren ibilbide instituzionalean”.
2002koarekin batera, udazken honetan 2019-30 urte arterako Aldundiaren Hiri Hondakinen Kudeketaren Planari begirako Aldundiaren parte hartze saioan lau lagunek baino ez zutela parte hartu nabarmentzen du GuraSOSek.
“Errausketa mugatua” eta alternatiben azterketa sakona
16 urtez ezkutuan egon ostean, Foru Aldundiak 2002ko tailer hartan egin zen lanketaren inguruko ondorioen txostena eskuratu du GuraSOSek. 2002ko trailerrean eginiko lanketaren hainbat ondorio biltzen ditu. Honako hauek besteak beste:
-Hondakinen errausketa mugatua proposatzen da. Hondakinak erraustea, birziklatu, berrerabili edo konpostagarriak ez diren hondakinen kasuan, eta gaikako bilketaren ostean, depositu aurreko azken aukera bezala.
-Sakon aztertzea (ingurumen zein ekonomia azterlanak) errausketaren aurrean dauden alternatiba bideragarriak, arduraren printzipioa baliatuta.
-Ingurumenarekiko eta osasunarekiko ardura printzipioan oinarrituriko irtenbide anitz eta eraginkorrak.
-Eskura dauden eta osasun zein ingurumenarekiko teknologia hoberenak, seguruenak hautatzea.
-Europako araudiarekin bat etorriko den hondakinen kudeaketa hierarkia, hondakinak murriztea helburu izango duena; prebentzioa, berrerabilera, birziklatzea, aprobetxamendu energetikoa eta isurketak azken aukera.
-Gardentasuna informazioan eta kudeaketan.
-Hondakinen kudeaketa planen garapenean eta konponbideen bilaketan, herritarrek parte hartu eta informatzeko metodologiak sortzea.
-Herritarrak sentsibilizatu eta kontzientziatzearen garrantzia, kontsumo arduratsuagoaren kultura sustatzeko instrumentu gisa.
-Kutsatzen duenak ordaintzea sustatzea neurri fiskalen bidez.