Datu mamitsu gehiago ere plazaratu du GuraSOS-ek. Haurtzaroa eta ingurumena hizpide hartuta Biodonostiak eta Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak joan den azaroan EHU-ren Ibaetako kanpusean egin zuten kongresukoak. Hitzordu hartan gipuzkoarren osasun eta ingurumenean diren kutsadura faktoreei eta hauen arriskuei buruzko azterlan bat plazaratu zuten.
Nabarmentzeko moduko ondorioak eman zituzten argitara. Egileek txostenean diotenez, azterlan honetan parte hartu dutenentzat, “aire kutsadura, industria arriskutsuak eta hiri hondakinen errausketa dira osasunarentzako faktore arriskutsuenak”. Eta adi, “hedabideetatik eta erakundeetatik jasotako informazioan sumatu duten konfiantza maila baxuak, arriskuaren pertzepzioa handitzen du”.
Baieztapen hauetatik, ondorio nagusi batera heltzen da aipatu azterlana. “Beharrezkoa da erakunde publikoek informazio ulergarria eskaintzea eta herritarren parte hartze estrategiak hobetzea”.
Konfiantza gehien, herri elkarteengan
Ikerlan honetan, Gipuzkoako lau udalerrietako, Usurbil, Andoain, Donostia eta Urretxuko bizilagunek parte hartu zuten. Hainbat grafikoren bidez, emaitza esanguratsuak eskuratu zituzten. Esaterako, Zubietako erraustegiari buruzko informazio iturri ezberdinei buruz gipuzkoarrek duten konfiantza maila neurtu nahi izan zuten. Ondorioa, argia; erakunde eta hedabideengan baino konfiantza gehiago dute gipuzkoarrek herritarren elkarteengan.
Zubietako erraustegiarekiko onarpen mailaz ere galdetu zuten aipatu lau udalerrietan. Usurbilen ez du onarpenik, hala moduzko onarpena izatera ere doi-doi heltzen da Donostian, eta haren azpitik dira Andoain eta Urretxu ere.
Ingurumenerako arriskutsutzat jotzen diren faktoreez ere galdetu zitzaien. Tartean, errauste planta batetik hurbil bizitzeak duen eraginaz. Aipatu lau udalerriotan, hala moduzko arriskutzat jotzen dute Donostian, are arrisku handiagotzat Andoainen eta Urretxun. Usurbilen, ia arrisku handiko muga gainditzen du. Industria arriskutsutik hurbil bizitzeak pareko kezka eragiten du lau udalerriotan.
Osasunarentzat arriskutsutzat jotzen diren ingurumen faktoreak ere aztertu zituzten. Hor ere industria arriskutsutik hurbil bizitzea bezain arriskutsutzat jotzen zuten errauste planta baten ondoan bizitzea. Hurrenkera honetan kezka handitzen zihoan Donostian, Urretxun, Andoainen eta Usurbilen.