Real Sociedad futbol taldeko akziodunak urteko bilera nagusian elkartu ziren astearte arratsaldean Donostiako Kursaal Jauregian. Akziodunek urte honetako kontuak eta urte berrirako aurrekontuak onartu zituzten, Administrazio Kontseiluari ia erabateko babesa (ia %98koa) adieraztearekin batera. Hitzordu berean, galdera eta eskaerentzako tartea izan zuten akziodunek.
Akziodunen artean, erraustegiaren gaia ahotan hartu zuenik izan zen. Gogoan izan, Realeko jokalariek Zubietan eraikitzen ari diren plantatik ehunka metro gutxira entrenatzen dute. Horregatik, erraustegiaz kezkatuak egon edota jokalarien osasuna bermatua ote dagoen galdetu zion akziodun batek Jokin Aperribay Realeko presidenteari.
Mundo Deportivo egunkariak jaso du akziodunetako batek eginiko galdera eta Jokin Aperribaik emandako erantzuna:
-Akziodunaren galderak: erraustegia martxan jartzera doazela eta, Zubietan entrenatzen duten kirolarien osasunaren gaineko jarraipenik egin asmo duzu? Ikertu duzu antzeko kasurik ba ote den, alegia erraustegi batetik kilometro batera formazio gunerik ba ote den? Badakigu kirolariengan zer nolako eragina izango duen? Erraustegia martxan jartzera doazela eta, kezkatuak zaudete?
-Jokin Aperribayren erantzuna: "Osasuna bermatua dagoela espero, desio eta segurantzia dugu. Erraustegiak osasun baldintza guztiak errespetatzea da desioa, ez bakarrik jokalariena, baita gipuzkoarrena ere".
Agirretxe eta Illarramendi: "Informazioa behar dugu"
Erraustegia eraiki nahi duten gunetik oso gertu dago Real Sociedad futbol taldeak entrenamendu saioetarako baliatzen duen zelaia. Gai honekiko kezka agertu, informazioa eskatu eta irtenbide osasuntsu baten alde agertu ziren taldeko bi jokalari duela bi urte, Imanol Agirretxe usurbildarra eta Asier Illarramendi, GuraSOSek Donostian deitua zuen manifestazio baten atarian, eremu ezberdinetako gipuzkoar ezagunei egin zizkieten bideo grabazioetako batean.
"Donostiako erraustegia hemen bertan eraikitzea aurreikusia dago, kirola egiten dugun instalakuntzetatik kilometro bat baino gutxiagora. Hantxe entrenatzen dugu egunero. Gutaz gain, Gipuzkoako haur askok ere bai. Horren aurrean gipuzkoarrok informazioa behar dugu, eta gaian adituak direnen arteko eztabaida. Dena, helburu bakarrarekin. Gure osasunarentzat onuragarria den irtenbide adostu bat lortzea", adierazi zuten Agirretxek eta Illarramendik Zubietako elizaren arkupeetan, GuraSOS-entzat eginiko grabazioan. Albiste honi atxikia duzue 2016ko azaroan eginiko grabazioa.