Eskuartean duzuen aldizkari hau urteko azken aurreko NOAUA! duzue. Astebete barru, abenduaren 21ean argitaratuko dugu azkena, gabonetako gehigarriarekin eta 2019rako egutegiarekin. Ordurako zorion agur edo oharrik baldin baduzue erredakzioa@noaua.eus helbidera helarazi edo NOAUA!ren egoitzara ekarri, hilaren 17a baino lehen. Argibide gehiagorako: 943 360 321. 2019ko lehen NOAUA! urtarrilaren 11n argitaratuko dugu.
Otarren zozketa
NOAUA! laguntzen duzuen guztion artean, egiten duzuen ahalegina eskertzeko, urtero moduan, lau otar eder zozketatu ditugu. Bi publizitatea kontratatzen duzuenon artean, beste bi NOAUA!ko bazkideon artean. Sarituen izen abizenen berri urteko azken aldizkarian emango dizuegu.
NOAUA! kide ez bazara, etorri NOAUA! Kultur Elkarteko egoitzara eta berehala tramitatuko dizugu bazkidetza. Bestela, igandeko (abenduak 16) San Tomas Azokako NOAUA!ren postura gerturatu eta bertan jasoko ditugu zure datuak.
Inauteri Festarako gaia, zuen esku
Kirolariak, sukaldariak, pertsonaia historikoak… Atzoko eta gaurko aurpegi ezagunez bete zitzaigun Usurbil azken Inauteri Festan. Eta 2019koan zer eraman nahi zenuke soinean? Proposatu martxoaren 2an (larunbatez) ospatuko dugun mozorro festarako gaia, tabernetan jarri ditugun zerrendetan; Txiribogan, Txirristran, Bordatxon, Artzabalen, Gurian, Bentan, Antxetan, Aitzagan eta Kaffan. Edo emailez elkartea@noaua.eus helbidera idatzita. Jasotako zuen ekarpenen artean hautatutako gaia, urteko azken NOAUA!n, hau da, abenduaren 21eko aldizkarian, web orrian nahiz sare sozialen bidez plazaratuko dugu. Parte hartu eta erabaki! 2019ko Inauteri Festarako gaia zuen esku!
Aurreko edizioetakoak ez errepikatzeko, egin dezagun denboran atzera eta gogora ditzagun 2000. hamarkada hasieratik hona Usurbilen ospatu diren mozorro festetarako hautatu izan diren gaiak:
2019/3/2: ?
2018: ospetsuak.
2017: Ingurumena.
2016: lanbideak.
2015: ipuinak.
2014: Erdi Aroa.
2013: musika.
2012: mitologia.
2011: itsasoa.
2010: zirkoa.
2009: Olinpiar Jokoak.
2008: xomorroak.
2007: Brasil.
2006: marrazki bizidunak.
2005: Usurbil, Oesteko herri.
2004: Hollywood.
2003: munduko kulturak.
2002: extralurtarrak.