Gipuzkoatik kanpo ere oihartzun itzela izan du GuraSOS-en babes-kutxen salmenta kanpainak. Gogoan izan, urriaren 7an Usurbilgo haurrek frontoian sortutako marrazki eta hitzekin apaindutako kutxak erosiz, abian duten Hitzartu prozesua diruz lagundu dezakegu, eta honenbestez, baita prozesu horren testuinguruan lantzen ari diren erraustegia alboratuko duen etorkizuneko Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketa Plan Alternatiboa ere. Usurbilen 10 eurotan eskura ditzakegu, Lizardi, Laurok, Otargoxo, Kaffa, Txalaka, Iturralde botika, Iratze naturdenda, Ines ileapaindegia, Intza ileapaindegia, Ixabel Estetika Zentroan eta Lurda Kinkildegian. Igandeko (abenduak 16) San Tomas Azokan ere salgai izango dituzue.
Gipuzkoako txoko ezberdinetan saltzen dabiltza, barruan Gureak-ek ekoitzitako gailetak eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Ahaldun Nagusi Markel Olanori zuzendutako postala dituzten kutxak. Aproposak, datozkigun egunotarako oparitarako baliatzeko. Aurreko astean, Gipuzkoako muga gainditu eta Bizkaia aldera jo zuten GuraSOSen bolondresek; 53. Durangoko Azokan egokitu zuten salmenta postua. Ahaleginak merezi izan duela diote.
Gastuen erdia, ordainduta
Pentsa, Hitzartu prozesuak eragindako gastuei aurre egiteko 80.000 euro behar ditu GuraSOSek. Eta jada kanpainak Durangoko Azokan izandako arrakasta itzelari eta aurretik jasotako laguntzari esker, 45.513,55 euro bildu dituzte. Hau da, gastuen erdia ordaindu du. "Babes-kutxen Durangoko salmentek aurrikuspen guztiak gainditu zituzten!! Milesker hori posible egin zenuten guztiei!! Jada 45.513€ bildu dira!! Partehartzea bermatua eta ordaindua. Eta planaren ia erdia ere! Hurrengo kutxak plana ordaintzen bukatzeko!!".
Zenbakitan honatx, Gipuzkoan hondakinen kudeaketarekin dugun gatazka gipuzkoarrek hitza hartuz eta hitzartuz, adostasunez konpontzeko Hitzartu prozesuak eragingo dituen gastuak:
-Hondakinen plangintzaren idazketa: 42.350 euro.
-Herritar epaimahaiak/parte hartze prozesua: 20.036 euro.
-Gastu juridikoak: 13.000 euro.
-Besteak: 4.614 euro.
Guztira: 80.000 euro.
Babes-kutxak erosiz lagundu daiteke diruz Hitzartu prozesua, baita diru ekarpenak eginez, bideotatik:
Laboral Kutxa: ES05 3035 0140 33 1400031124
Kutxabank: ES83 2095 5060 10 9117692165.
Informazio gehiago: gurasos.org
https://twitter.com/tgurasos/status/1072412004386816000