Eguna finkatu dute jada. Abenduaren 29an aurkeztuko du GuraSOSek, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Alternatiboa. Plana bera azken urtebete honetan landu eta josi dute gipuzkoarrek, Foru Aldundiak ukatu zieten hitza hartuta, martxan izan duten Hitzartu prozesuaren baitan. "Abenduaren 29an ezagutuko dugu Hiritarren mahai eta irizpideei egokituko zaion Hondakinen Plana. Adi egon, badator....", iragarri du GuraSOSek sare sozialen bidez.
775 gipuzkoarrek baino gehiagok hartu dute hitza azken hilabeteotan Hitzartu prozesuaren testuinguruan bideratu dituzten dinamika ezberdinen bidez. Helburua, herritar, eragile eta adituen aldetik bildutako ekarpenekin, erraustegia alboratuko duen Gipuzkoarako, etorkizuneko hiri hondakinen kudeaketa plana erredaktatzea da. Eta plan honekin, Gipuzkoan gai honekin dugun gatazka, elkarlanean adostasunez konpontzea.
Prozesu honen baitan, mahai teknikoa (adituena) eta soziala (herritar eta eragileena) eratu zituzten eta lanketan jardun dute azken hilabeteotan. Plana bera erredaktatzen ari da ingeniari talde bat. "Hitzartuko hondakinen plana idazten ari den ingenieritzak abenduak 29rako bukatua izango du", iragarri du GuraSOS-ek.
Duela hilabete, plan honen lehen fasea aurkeztu zuten. Berriki, prozesu honen testuinguruan osaturiko herritarren epaimahaiak eginiko lanketaren ondorioak plazaratu dituzte.
Irizpide demoskopikoekin hautatutako herritarrak
Hondakinen kudeaketari buruz duten iritzia eman du gipuzkoarrez osaturiko herritarren epaimahaiak. Nabarmentzeko moduko emaitzak izan ditu prozesuak.
GuraSOS-etik azaldu dutenez, herritarrokin bi tailer egin dira azken hilabeteotan. Bat Donostiako Tabakaleran, bestea Mondragon Unibertsitatean. Saio hauetarako irizpide demoskopikoekin hautaturiko herritarrekin, gipuzkoarrak ahalik eta ondoen ordezkatzen saiatu ziren. Eskualde ezberdinetako adin tarte ezberdinetako gizon eta emakumeak batzen ahalegindu ziren; erraustegiaren aldeko eta kontrakoak edo erraustegiaren aurrean iritzi definiturik ez zutenak.
Hondakinen kudeaketaren gaia luze zabal aztertu zuten: gai honetan herritar eta erakundeek dituzten ardurak, ingurumena eta osasuna, kontzientziazioa eta prebentzioa, kontsumo ohiturak, ekoizleen ardurak, tasak, erraustegiari buruzko iritzia. Segidan dituzue GuraSOS-ek plazaratu dituen ondorio nagusiak:
Ondorioen laburbilduma
-Erraustegiak ziurgabetasuna, segurtasun falta eta beldurra sortzen die. Erraustegiarekiko egingo den benetako erabileraz eta ondorioez benetako informaziorik ez dutela onartzen dute. Haien eta euren seme-alaben osasunarengandik beldur dira. Ez dakite etorkizunean, benetan zer nolako eragina izango duen erraustegiak inguruan eta haien bizitzetan.
-Informazio falta: informazioa desinformazio eta nahasmenaren sinonimoa da herritarrentzat. Hedabideen aldetik gaur arte jasotako informazioa ez da egiazkoa ezta lasaigarria ere. Hondakinen kudeaketari buruz egiazko informazioa eskatzen dute.
-Hondakinak egoki prebenitu, berrerabili eta birziklatzeko duten betebeharraz oso kontziente dira. Hiri hondakinak desegoki kudeatzeak osasun eta ingurumenerako arriskuak eragiten dituela onartzen dute.
-Herritarrengandik hurbilen dagoen erakundea Udala da eta Udalak funtzio informatzailea bete dezakeela diote. Ez dituzte hain hurbileko sentitzen Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza. Erakunde zerga biltzaile eta arautzaile gisa ikusten dituzte bi erakundeok, hurrenez hurren.
-Erakundeek jokatzen duten papera asistentziala da gehienbat (arriskua sortzen denean jarduten dute). Gaiari buruzko kontrol eta zaintzan zorroztasun falta antzeman dute. Arauak betearazteko jarraipen handiagoa, benetako eta proportzionatuak diren zigorrak, kontzientziatze kanpainak, eta oro har informazio gehiago eskatzen dute.
-Hondakinen eta kontsumo arduratsuari dagokionean, herritarrak kontsumo merkatuak, publizitateak eta globalizazioak herritarren jokabidea baldintzatu eta zuzentzen dute. Kontsumo ohitura egokiagoak izate alderantz neurriok proposatzen dituzte: kolektiboaren kontzientziatzea, erregulazioa erakundeen aldetik, gizartea kontsumo arduratsuan hezi eta informatzea.
Informazio gehiago: gurasos.org