“Euskaraldirako 4 aitzakia” antzezlana ikusi ezinik geratu bazineten, edota Nahia, Xabat, Eli eta Patxiren bizipenak ikusteko Sutegira itzuli nahi duzuenok igandean duzue hitzordua, abenduaren 16an 19:00etan kultur etxeko auditorioan. NOAUA! K.E.-ren eskutik, Euskaraldia hasi baino ez dela egin erakutsiko digute, Euskaraldirako hamaika aitzakia badela oraindik. Sarrerak aurrez eskuratu ahalko dituzue 5 eurotan, Lizardin eta NOAUA!ren egoitzan. NOAUA!-ko bazkideok 3 eurotan, NOAUA!ko egoitzan soilik.
Zer moduz moldatu zarete 11 egunotan? Zer eragin izan du Euskaraldiak zuengan?
Patxi: Goiz da oraindik jakiteko, bukatu berria da. Orain ikusi behar da ariketa horrekin zer lortu den. Ariketa bezala asko gustatu zait. Txapen kontu horrekin nik uste gehiago hitz egin dela euskaraz.
Nahia: Eta kontzienteago, eta guk gure artean baita.
Eli: Belarriprest txapa erabili dut eta batek baino gehiagok esan izan dit zu zergatik Belarriprest? Nik euskara ondo ulertzen dudalako. Nik nahi dudana da niri euskaraz egitea. Badakizu zer esan zidan lehengoak batek? Bere senarrak ere berdina egin duela. Koadrilan denek erdaraz hitz egiten zutela. Euskaraldia etorri eta denek Ahobizi txapa jarri zutela. Eta berak Belarriprest izatea erabaki zuen.
Xabat: Konturatzerako pasa zaizkit 11 egunak.
Nahia: 11 egun azkarregi pasa dira. Jende batekin agian lan gehiago egin behar da, eta 11 egunetan ez da posible izan.
Eli: Lehengoan nire aurrean Ahobizi bat neukan. Etorri zen beste emakume bat bagenekiena euskaraz ez zuela hitz egiten, eta zuzenean hasi zitzaion gazteleraz hitz egiten. Ahobizi zela esan nion, lehenengo hitza euskaraz egin behar zuela, baina berak esaten zuen bazekiela ez zekiela euskaraz. Leku batzuetan ez dakit Ahobizi gisa izena ematen dutenek ondo ulertu ote duten ariketa zein zen. Hor dut pixka bat jakinmina, ia zer emaitza eman duen horrek.
Garrantzitsuena 12. egunetik hasten da. Zer arrasto utzi digu Euskaraldiak eta hemendik aurrera zer?
Eli: Batzuengan ilusioa piztu da. Hauspo pixka bat emango digu Euskaraldiak. Ikusi beharko da bakoitzari ze inguru tokatu zaion bizitzea.
Patxi: Oso positiboa izan da. Gero neurtu behar da zenbateraino iritsi den, eta hori denborak esango digu, oraindik goiz da. Horregatik abenduaren 16an jendeari gogoratu beharko diogu nahiz eta txapa jantzita ez izan, txapa eman dezakeela eta zergatik egin den hau guztia.
Nahia: Nire ingurunean ez zait iruditu Euskaraldia hain positiboa izan denik. Ahobizi ginenon artean bai. Baina Euskaraldian parte hartu ez duenak ez zuen ulertzen, gure artean normalean beraiengatik erdaraz hitz egiten bagenuen, orain Euskaraldiaren gairengatik zergatik euskaraz hitz egiten ari ginen.
Eli: Zuzen zuzenean bizi izan duzu orduan Euskaraldiko ariketa!
Nahia: Bai, baina Euskaraldian egindakoa egiten jarraituko dut.
Eli: Aupa Nahia!
Xabat: Euskaraz beti hitz egin behar da, ez dago txaparik jantzi beharrik. Beti euskaraz!
Euskaraldirako 4 aitzakia egongo zirela aipatzen zenuten joan den hileko emanaldian. 11 egunon ostean, Euskaraldirako nahikoa aitzakia bazela ondoriozta dezakezue?
Nahia: Lau ez, hamaika edo gehiago daude.
Eli: Euskaraldirako aitzakiak oraindik bizirik daude.
Patxi: Euskaraldia pasa den arren, antzezlan hartan esan nahi genuena oraindik bizirik dago. Ondo etorriko zaigu jendeari gogorarazteko, ze egoeretan gauden eta zer bizi dugun egunero.
Igandeko emanaldia ikustera joateko 4 aitzakia eman ditzakezue?
Xabat: Antzerkia ikustera joateko ez luke aitzakiarik egon behar.
Nahia: Euskaraz ondo pasatzeko.
Patxi: Guri eta inguruari kritika bat egiteko, era dibertigarri batean. Usurbildarrentzako egina dago eta Usurbilgo jendea etortzea nahi genuke.
Eli: Ondo pasatzeko. Gure buruarekin barre egitea nahi genuke.
Zuen koadrilak segida izango du?
Eli: Diasporatik deitzen badigute behar den lekura joango gara.
Nahia: New Yorken euskaldun asko dago eta Broadwayrako deituko gaituzte agian.
Patxi: Idahotik Euskal Etxera joateko deitu digute.