Ipuin kontaketa, konpartsaren kalejira, postuak... eskaintza oparoarekin dator San Tomas Azoka

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 14a, 11:03

Badator neguko oporraldiaren atariko San Tomas Azoka. Abenduaren 16an ospatuko dugu giro ezinhobean frontoian. Festa giro ederrerako behar beste osagai izango ditu hitzorduak; herriko ekoizle eta eragile hainbaten postuak, hamaiketako gozoa egiteko gaztaingile eta talogileak, Usurbilgo baserrietako sagardoa dastatzeko aukera...

Denontzako festa izango da abenduaren 16ko San Tomas Azoka. Denontzako eskaintza izango da igandean. Tartean, haur eta gaztetxoei zuzenduriko hitzorduak. 4-10 urte artekoei zuzenduriko hitzordua Sutegin. Ixabel Agirresarobek ipuin  kontaketa saioa eskainiko du 12:30etan hasita, kultur etxeko erakustaretoan. "Hau da hau Tomaxak duen bizimodua. Tomaxa urtero lagunekin elkartzen da San Tomas egunean. Beti badute komeriren bat kontatzeko. Aurten zertan ibili ote dira Tomaxa eta bere lagunak?". Erantzuna, igande eguerdian kultur etxean.

Lehenago, Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsak urteko azken kalejira egingo du herrian barrena. Eguraldiak oztopatzen ez badu, Udaletxe ondoko lokaletik abiatuko dute itzulia 12:00etan, Zumarteko txistulariekin. Kale Nagusia, Zubiaurrenea kalea, Artzabal eta Bordatxo inguruak zeharkatuta, frontoira itzuliko dira 13:15 aldera. Azokaren azken txanpari ekiteko baliatuko da konpartsaren kalejira amaiera.

Une horretan hasiko da azokako amaiera ekitaldia; Nafartarren Xiberoko elkartasun kanpainaren amaierarekin. Babarrun eta sagardo txapelketako sariak banatuko ditugu, eta NOAUA!ren fotokolean parte hartzen duzuenon artean, Xiberoko eta Nafarroa hegoaldeko produktu otar bana zozketatuko dugu.

 

Ez ahaztu baserritar jantziekin festara plazaratzea!

SAN TOMAS AZOKA

Abenduak 16, igandea

Goizean zehar, postuak, musika, hamaiketakoa, babarrun eta sagardo txapelketen epaimahaia baloratze lanetan, Ixabel Agirresarobe aurkezle lanetan.

12:00 Usurbilgo Erraldoi eta Buruhandien Konpartsaren irteera udaletxe ondoko lokaletik, herrian barrena.

12:30 Ixabel Agirresaroberen ipuin kontaketa saioa 4-10 urte arteko haurrentzat Sutegiko erakusketa aretoan.

13:15 aldera, erraldoi eta buruhandien konpartsa frontoira helduko da.

Ondoren:

-Nafartarrak taldearen Xiberoko ikastolak eta euskara laguntzeko eginiko elkartasun kanpainaren amaiera ekitaldia.

-Babarrun eta sagardo txapelketen sari banaketa.

-Nafarroa hegoaldeko eta xiberotarren produktuez hornituriko otarren zozketa, NOAUA!ren fotokolean parte hartu dutenen artean.

Antolatzaileak: NOAUA! K.E. eta Sagardo Egunaren Lagunak.