Urtarrilean ETB-n, bart Aginagan grabaturiko "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 15a, 11:56

Ezohiko telebista platoan bihurtu zuten bart Aginagako Eliza. Euskal Telebistako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa grabatu zuten. Dakizuenez, azaroa amaieran aritu ziren Aginaga eta Aginagako irudi eta ahotsak biltzen, ETB-ren saiorako. Atzo, Aginagako Elizan proiektatu zituzten, eta aurkezleen, Mikel Pagadiren eta Zuhaitz Gurrutxagaren bakarrizketez eta Sebastian Lizasoren bertsoez gozatzeko aukera izan zuten Aginagako Elizara jo zutenek. 

100 atal bete berri dituen Euskal Telebistako "Herri Txiki, Infernu Handi" saioak 2019an zehar eskainiko dituen programak grabatzen segitzen du ikusten duzuenez. Aginagakoa urtarrilean eskainiko dute, aldaketarik ez bada, datorren hileko bigarren hamabostaldian. Gogoan izan, igande gauero eskaintzen du ETB-k, 22:00etan hasita, "Herri Txiki, Infernu Handi" saioa.

Egun zehatzaren berri garaiz iragarriko du saioko lan taldeak.

Irudia: @Agiatik