Euriarengatik izango zen. Edota inoizko postu gehien jarri direlako aurten. Jendea berandu hurbildu da baina eguerdirako frontoia lepo zegoen. Erraldoi eta Buruhandien Konpartsa izan da goiztiarrena. Udaletxetik abiatu eta kalejiran ibili dira kaxkoan. Bien bitartean, frontoian dena prest zegoen. Babarrunak otarretan ikusgai eta sagardoa zerbitzatzeko prest. Bi lehiaketetako epaileak, lanerako gogoz.
Gero eta postu gehiago jartzen dira San Tomas egunean: talo eta gaztain postuak, DBHko ikasleen postreak, Usurbilen Nahi Ditugu zein Korrikaren salmetan puntuak, Aginagako Eskola Txikiko gurasoen mahaia, Aginagako Aranburukoen lore eta landare postua... Jakoba Errekondo eta Argiako lagunen mahaia izan da aurtengo nobedadeetako bat eta bertatik ere jende asko igaro da.
15.000 euro otar salmentan
Nafartarren postuan herritar ugari ikusi ditugu, aurretik eskatutako otarren bila ziurrenik. Aurten, 15.000 euro batu dituzte eta Xiberoako Ikastolen Elkarteko kideak pozarren eskertu dute usurbildarren elkartasuna.
Sutegin, kontu kontari
Helduentzat nahiz gaztetxoentzako eguna izaten da gaurkoa. Ixabel Agirresarobe frontoian zen aritzekoa. Baina toki faltan, Sutegiko erakusketa aretoan aritu da ipuin kontalari lanetan. Adi-adi izan ditu bertaratu diren umeak. Ondoren, aurkezle lanetan aritu da frontoian. Berak eman ditu aurtengo sarituen izen-abizenak. Horretaz gain, NOAUA!ko photocall-ean argazkiak atera dituztenen artean, Errigora nahiz Xiberoako Ikastolen Elkarteko saskiak banatu ditugu.
Etxetxoko sagardoa nagusitu da
Sagardo Lehiaketako epaileen esanetan, maila oneko sagardoa izan da aurtengoa. Hiru hauek saritu dituzte:
1. Joxe Manuel Lizarralde, Etxetxo baserria (Zubieta).
2. Antonio Eizagirre, Aldapa baserria (Aginaga).
3. Maria Dolores Sagastibeltza, Etxeberri baserria (Zubieta).
Babarrun onena, Ibai-Ertzekoa
Babarrun lehiaketan ez da sorpresarik izan. Azken urteotan Ibai-Ertz eta Olarri baserriko babarrun aleak izan dira epaileentzat estimatuenak. Aurten, Aginagako Ibai-Ertz nagusitu da. Bigarren izan da Kalezargo Olarri.
1. Manuel Aizpurua, Ibai-Ertz (Aginaga).
2. Joxe Kruz Matxain, Olarri baserria (Kalezar).
3. Pili Arroyo, Zugasti baserria (Zubieta).