"Euskaraldirako 4 aitzakia" antzezlanak arrakasta itzela izan zuen igande arratsaldean Sutegin eskainitako bigarren emanaldian. Estreinako saioa, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez egin genuen ariketa kolektiboaren aurretik eskaini zuten. Bigarrena Euskaraldia amaitu eta bi astera. Eta oraindik Euskaraldiari segida emateko 11 aitzakia badirela gogorarazi ziguten Nahiak, Xabatek, Elik eta Patxik.
Gure hizkuntza ohiturak, jarrerak agerian utzi zituzten, eguneroko bizimoduari lotuta antzeztu zituzten egoeren bidez. Usurbiletik usurbildarrentzat egina, Usurbilgo hainbat herritar ahotan hartu zituzten. Umore sanotik aritu ziren une oro, eta barrez lehertarazi zituzten Sutegira gerturaturikoak. Amaitu, Euskaraldiaren abestia publiko artean dantzatuz borobildu zuten. Ia laukote honen berri laster izaten dugun berriz!