Usurbilgo 2018ko uzta, Sutegin ikusgai

Noaua Aldizkaria 2018ko abe. 18a, 09:12

Datozen asteotan opariren bat egitekotan zaretenok kontuan izan; Usurbili lotutako nahiz Usurbilgoen sortze lanak ere eskura ditzakezue. Liburutegiak eta NOAUA! K.E.-k Sutegiko erakustaretoan egokitu dugun mahaitxoan urtarrilaren 7ra arte ikusgai izango duzue 2018ko Usurbil nahiz Usurbilgoen uzta. Eskuragarri, liburutegian bertan edota Lizardi zein Laurok liburu dendetan. Produktuon gaineko xehetasunak dituzue segidan.

USURBILGO 2018ko UZTA

“Asedio al euskera: más allá del libro negro”.

1998an argitara emandako “El libro negro del euskera” (Txertoa) liburuaren hogeigarren urtemugan, joan den udaberrian plazaratu zuen Joan Mari Torrealdaik, “Asedio al euskera: más allá del libro negro”. Euskararen kontra hartu diren neurriak eta egin diren adierazpenak batu ditu bertan. Joera horren atzean ideologia supremazista ageri dela dio. Gaztelania goraipatu eta euskara mespretxatzeko dinamika.

“Familia berekoak dira. Berria helduagoa da, landuagoa. Duela hogei urte atera nuena liburu honen barruan dago baina, hala ere, Asedio al euskera (Txertoa, 2018) liburuko edukiaren %71 berria da. Alde guztietatik gainditzen du aurrekoa. Informazio gehiago du eta aldi historiko luzeagoa hartzen du. Gainera, honek badu saiotik. Hizkuntza linguistikoaren planteamendutik badu autorearen produkzio propioa”, adierazi zion Torrealdaik, joan den udaberrian NOAUA!ri eskaini zion elkarrizketan.

“Udarregi Ikastolak 50 urte” diska

Ikastolek mende erdiko ibilbidea osatu dute. Baita Usurbilgoak ere. Udarregi Ikastolaren 50. urtemugaren harira hainbat ekimen berezi antolatu dituzte agurtzear dugun urte honetan. Tartean, mende erdiari soinu banda ere jarri nahi izan zioten, udaberrian argitara eman zuten CD-ari esker. Ikastolako egungo kide eta kide ohien elkarlanaren emaitza izan zen, 12 kantuz osaturiko diskoa. Tartean dira, Imanol Urbietaren kantak, baita irakasle eta ikasleek sortutakoak eta 2015eko urriaren 4an Usurbilen ospatu zen Kilometroak jaialdiaren soinu banda, “Gattunk” abestia.  Ikastolako musika gelan grabatu zuten martxoan. Jaione Eskuderok koordinaturiko diskoko nahasketa lanak Garate estudioetan bideratu zituzten, Kaki Arkarazo teknikariaren eskutik.

“Tximeletak bizkarrean”

“Sara historia irakaslea da Florentziako unibertsitatean. Ikasturteko lehenengo egunean istripu txiki bat izango du, iraganeko ezbehar bat gogora ekarriko diona. Ahizpak deituko dio egun berean, eta aitari azken bisita egitera itzuliko da jaioterrira”. Hortxe abiatzen da Ugaitz Agirre Zapirainen “Tximeletak bizkarrean” estreinako liburuaren istorioa. “Kontakizuna puzzle baten moduan dago antolatuta. Eszenak zatikatuta agertzen dira, kapitulu ezberdinetan banatuta”, adierazi zion Agirrek NOAUA!ri irailean eskaini zion elkarrizketan.

Susa argitaletxeak plazaraturiko lan honek iraganaren zama, genero harremanak, identitatea ditu hizpide. Maiatza amaieran plazaraturiko liburua ekainean aurkeztu zuen Agirrek Sutegin, eta joan den astean 53. Durangoko Azokan.

Yolanda Arrietaren lan berriak

53. Durangoko Azokan egin zuen bere lanen kontakizuna, asteazken honetan Sutegin izan da. Urtea proiektu gehiagoren lanketan borobilduko duen arren, lehendik idatziak zituen hiru lan plazaratu ditu Yolanda Arrieta Malaxetxebarriak Denonartean argitaletxearekin, agortzear dugun 2018. urte honetan: “Mari Xor” ipuin klasikoaren inguruko bilduma, “Klasikoak gaur: Mari Xor” saiakera liburua eta “Bizenta Txiki” haurrentzako ipuina.

“Bizenta Txiki”-k, Bizenta Mogelen biografia txiki bat biltzen du. “Ezagutzen dugun lehen euskal emakume idazlea da Bizenta Mogel. Hori jakin egin behar dute umeek”, adierazi zion NOAUA!ri azaroan, Yolanda Arrietak. “Mari Xor” ipuin klasikoaren inguruko bildumaz zioenez, “ipuina aspaldikoa izanik ere, gauza asko gaur egun plan- teatu eta proposatu daitezke: elkarren premia, norberaren burua ezagutzeko premia... Eta bide horretan gertatzen diren gauzak”. Azkenik, Mari Xorren inguruko saiakera liburuan, “Eskolan egindako azterketak batu nituen Gatzaren atzetik Mari Xor liburuan. Txukundu, besterik gabe. Hura hartu eta garatu egin dut orain. Saiakera berrian, ipuina gaurko gaiekin lotzen ahalegindu naiz”.

Landareak Lantzen

“Baratzean, fruitu arboletan, lorategietan, basoan noiz zein lan egiten? Erein, landatu, inausi, tratatu, uztak jaso, txertatu… Zein urte garaitan egin behar da lan bakoitza?”, galderon erantzuna, “Landareak Lantzen” Jakoba Errekondo paisajista eta agronomoaren eta Antton Olariaga sortzailearen urte osoko-gida liburuan aurkituko duzu. Bertan, “duzu urte osoan egin beharreko lanen egutegia, sasoi bakoitzari, hilabete bakoitzari eta ilargialdiari lotuta. Era berean eta gure lanak ikasteko bide izan ditzagun, lan bakoitza noiz eta nola egiten dugun jasotzeko aukera ematen du gida honek”.

“Wilhelm von Humboldt eta Euskal Herria”

Euskal Herriko Unibertsitateko filosofiako irakasle Iñaki Zabaleta Gorrotxategik argitaraturiko liburua dugu honakoa. Duela ia 20 urte Zabaletak Koloniako Unibertsitatean (Alemania) eginiko doktoretza-tesian oinarritua dago. Alemanieraz idatzi zuen orduko hartan, baina hasieratik izan zuen euskaratzeko asmoa. Zati batzuk Jakin aldizkariaren bidez plazaratu bazituen ere, duela sei bat urte hasi zen eduki osoa euskaratzen. Euskal Herrira bisitan etorri eta euskara erakargarria suertatu zitzaion Wilhelm von Humboldt 1767-1835 urte artean bizi izan zen prusiar humanista, politikari eta hizkuntzalari ezaguna du hizpide. Euskal Herrira zergatik etorri zen, gure artean zer ikasi zuen azaltzen du bere lanak. Euskal nazioari eta euskarari buruz  Humboldtek egindako ikerketak ditu oinarrian Zabaletaren lanak.

Joseba Larratxeren ilustrazio lanak

Jasone Osoro Igartua gazteei zuzendutako Eskularru beltzak bildumako lanak Joseba Larratxek ilustratu ditu. Zazpi pertsonaien ibilerak biltzen ditu bildumak, baina guztietan boxeoa nabarmentzen da. Bildumako “Ikasbidaia” izenekoan, “Maltara egingo duten bidaian gauzak are gehiago nahastuko dira, eta itzultzean, ezbehar batek, boxeo-borrokaldi batean bezala, guztiak kao utziko ditu”. “Ihes” aleak, Beire, Martin eta Bala pertsonaien ihesa kontatzen du. Beireri botatzen diote Linda ospitalean koman egotearen errua. Herriko jaietan Txiki Egunean askatuko dira, azkenik, guztien kanpo eta barne korapiloak. Urtean zehar egin dituen hamaika kolaborazioen artean daude Kabiene elkarlan guneko kidearen lanok; baita, Argiaren Larrun pentsamendu aldizkarirako sortutakoak ere.

Imanol Agirretxe, “Harmaila” aldizkarian

Uda amaieran, Reala eta futbol profesionala uztea erabaki zuen Imanol Agirretxek. NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan adierazi zuenez, “bi urteko kontratua nuen aurretik baina etapa hau bukatzeko momentua hau zela ikusi dut”. Azken lesioak bultzatuta hartu zuen ondo hausnartutako erabakia. “Ez banago %100ean ez dut egonean egon nahi. Lesio hau ez da kasualitatez gertatu eta nahikoa dela erabaki dut”. Irailaren 15ean Realak Bartzelonaren aurka Anoetan jokatu zuen neurketan merezitako omenaldia egin zioten futbol zelaian, eta ondoren, Saizar sagardotegian senide, lagun eta zaletuek antolaturiko festa. Agur honen testuinguruan, erreportaje zabala eta azala eskaini zion Harmaila euskarazko kirol aldizkariaren 4. zenbakiak.

Artzeren omeneko “Karmel”

Kultura, gizartea, eliza eta literatur gaiak jorratzen ditu “Karmel” hiruhilabetekariak. Urtarrila-martxoa tarteko aldizkariaren 301. zenbakiaren kulturaren tartea, urte hasieran zendu zen Joxan Artzeri eskaini zioten. Luis Baraiazarra Txertudik idatzitako “Josanton Artze poeta usurbildarra, pentsamendu eta hitz-jokoen zizelkaria”, Juan Mari Arrizabalagaren “Oroitzapenak” artikuluak eta Artzeren bibliografiak osatzen dute, omenaldi gisara Usurbilgo sortzaileari Karmelek eskaini zion tartea.

"Argala"ren biografia

Astero argitaletxearen Erroak bildumaren baitan, asteburuaz geroztik Gara egunkariak eskuragarri jarri duen “Argala pensamiento en acción” liburua. Mertxe Aizpurua kazetari eta Usurbilgo alkate ohiak idatzitakoa, orain 40 urte atentatuz hil zuten Jose Miguel Beñaran Ordeñanaren ingurukoa. “Jose Miguel Beñaran Ordeñana hobekien ezagutu edo berarekin militantzia politikoa partekatu zuten lekukotza zuzenez, argazkiez dokumentaturiko biografia sakona”.

"Armagabetzea, euskal bidea"

Urte hasieran plazaratu zuten Iñaki Egañaren “Armagabetzea, euskal bidea”, 2017ko apirilean Baionan egin zen ekitaldiraino aurrez jorraturiko armagabetze prozesuari buruzko liburua. Gara, Mediabask eta Txalapartak argitaraturiko talde lan honetan parte hartu zuen Arantxa Manterola herritarrak.